Itxi

EITB TALDEA

Korrika

Milioi bat ikustaldi baino gehiago izan ditu EITBk ekoizten duen Korrikaren zuzeneko emanaldiak orain arte

EITB Media

Langa Amoroto (Bizkaia) inguruan gainditu du. EITBko hedabideak euskararen aldeko lasterketaren jarraipena zabala egiten ari dira. Igandean (apirilak 10) Donostiatik zuzeneko saio bereziak eskainiko dituzte telebista eta irratietan Korrikaren amaieraren berri emateko.

  • EITB Korrikan.

    EITB Korrikan.

EITB egiten ari den Korrikaren zuzeneko eta etengabeko emanaldia arrakastatsua izaten ari da. Martxoaren 31tik apirilaren 6ra arte milioi bat ikustaldi baino gehiago izan ditu; zehazki, erabiltzaileek 1.000.028 aldiz egin dute bat seinalearekin. Langa Amoroto (Bizkaia) inguruan gainditu du lasterketaren emanaldiak.

Aurten, EITBk Youtube plataforma erabili du euskararen aldeko lasterketaren zuzeneko emanaldia egiteko. Bertatik jaso dute seinalea eitb.eus-ek eta EITBko aplikazioek, baita gainerako hedabideek eta lasterketan parte hartzen ari diren eragileek ere, euren sare sozialetan eta webguneetan partekatu ahal izateko.

Batez beste 8 minutu eta 7 segundokoak izan dira ikustaldiak, eta 188.000 erabiltzaile bakar baino gehiago ibili da Korrikaren gora-beherak ikusten orain arte. 3.000 lagun aldi berean biltzera iritsi dira momenturen batean.

Bestetik, eitb.eus webguneak Korrikari buruz eginiko gainontzeko edukiek ehun mila erabiltzaile baino gehiago izan dituzte; 116.389 zehazki. Eduki horien artean, argazkiak, bideoak eta ibilbidea izan dira ikusienak.

EITBko hedabide guztiak –ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek– saio berezi eta zuzeneko emanaldien bidez jarraitzen ari dira HitzEkin lelopean AEK-k antolatutako 22. Korrika. Korrikaren amaiera jarraitzeko, igandean, Donostiatik zuzeneko saio bereziak prestatu dituzte telebistan eta irratietan.

EITB Korrikan

Hedabideetan Korrikari leihoa zabaltzeaz gainera, EITB Taldeak hiru kilometro izan ditu lasterketan. Aurreko larunbatean, elurra lagun eta giro paregabean, EITBko hamabost lagun inguruk parte hartu zuten Iruñeko korrika saioan. Atzo arratsaldez Bilbokoen txanda izan zen eta EITBren aurpegi  ezagun ugari bildu ziren bertan.

Igandean, Donostian, Gazteako lantaldeak eramango du lekukoa EITBren kilometroan, Julen eta Antton Telleriaren eskutik. Herrerako tren geltokian izango da (Jose Elosegi hiribiderantz), 11:56ean, 2562. kilometroan. Bestalde, Pausoka ekoiztetxearen eskutik, "Irabazi Arte!" eta "Go!azen" telesailetako aktoreek beste kilometro bat izango dute Barcelona Hiribideko 10. zenbakian, 09:35ean.  Amaitzeko, "El Conquistador del Fin del Mundo" realityak ere bere kilometroa izango du Donostian, Makondo biribilgunearen aurreko gasolindegian, 11:45ean. Jose Luis Kortak eramango du lekukoa.

Korrika hauspotu eta girotzeko EITBren furgoneta bat ari da ibilbidea egiten pantaila handi batekin. Gune nabarmenetatik lasterketaren aurretik igarotzen da furgoneta, lasterketa nondik doan pantailan erakutsiz.  

Korrikaren amaiera zuzenean

Amurrioko Korrikaren hasierako emanaldia bezala, Donostiako amaiera zuzenean eskainiko dute euskal hedabideek elkarlanean igandean. ETB2n lasterketaren amaierako jai giroa eta 11 egunez lekukoaren barruan gordeta egon den adierazpenaren irakurketa zuzen zuzenean eskainiko dira, 11:30etik aurrera. Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuko dute saioa gonbidatu garrantzitsuekin eta zuzeneko giroa bilduz.

Gainera, Korrikaren amaiera Euskadi Irratian eskainiko da, berriz ere gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean. Euskadi Irratiko "Amarauna" saioaren emanaldi berezian izango da, Nagore Telleriaren eskutik. Bestalde, Almudena Cachok Donostiatik egingo du Radio Euskadiko "Más Que Palabras" saioa ere.

ETBko albistegiak Donostiako helmugatik

ETBko albistegiek amaiera borobila emango diote igandean Korrikari. Alderdi Ederretik bertatik egingo dituzte Jonan Apaolazak eguerdiko "Gaur Egun" eta Xabier Ormazabalek "Teleberri" albistegia. Halaber, Ana Ramosek eta Jose Ituartek gidatutako kirol tarteak ere Donostiatik eskainiko dira.

Behin Korrika amaituta, Donostian izango den jai handia osatzeko, 13:30ean, "Egunean Behin", Korrika eta EITBren artean Boulevardean bertan antolatutako "Egunean Behin partida flasha" jokatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Gazteako Antton Telleriak aurkeztuta, hiru partida jokatuko dira eta parte hartzaile iaioenak sari bikaina irabaziko du.

Eguneroko jarraipena EITBko hedabideetan

Korrikak irauten duen bitartean, "Biba Korrika!" saio berezia aurkezten dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak ETB1en, astelehenetik ostegunera, 21:25etik 21:45era. Bertan, Aritz Ganboak zuzeneko kontaketa egiten du Korrikaren furgonetatik bertatik, eta Izaskun Moyano, Joseba Olagarai eta Anuska Etxeberriak egindako erreportaje eta zuzenekoak ikusi ditzakegu. Ostiralean, egunak eman duenaren laburpen tartea eskaintzen da.

 

Korrikaren jarraipen zehatza egiten ari dira baita ere ETBko albistegietan eta "Ahoz Aho", "Biba Zuek!", "Nos Echamos a la Calle" eta "En Jake" saioetan, baita Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gazteako saio eta albistegietan.