Itxi

EITB TALDEA

EITB Estrategia 2030

EITBk antolatuko du 2023ko CIRCOM biltzarra

EITB

Datorren urtean, Europako hedabide publikoen elkartearen urteko eskualde konferentzia Euskadin egingo da. Hala iragarri dute berriki Galwayn (Irlanda) egin den topaketan.

0:52
Itziar Azpeitia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

CIRCOM Europako hedabide publikoen elkarteak urteko eskualde konferentzia egin berri du Galwayn (Irlanda). Bertan, ETBko "Abiapuntua" eta "Aquí y Ahora" saioek saria jaso dute. Gainera, topaketaren amaieran, CIRCOMen hurrengo urteko biltzarraren egoitza Euskadi izango dela iragarri dute. Honenbestez, Europako hedabide publikoetako ordezkariak hartuko ditu EITBk 2023an.  

CIRCOM nazioarteko ikus-entzunezko sare bakarra da Europan, eta bere kideen arteko lankidetza sustatzea eta garatzea du helburu nagusietako bat; hala nola, programak koproduzitzea eta trukatzea, eta kazetarien eta teknikarien lanbide-heziketa indartzea Europa osoan. CIRCOMeko kide den heinean, EITBk bere egiten ditu balore eta helburu hauek, eta gainontzeko telebista publikoekin batera Galwayn egin den jardunaldietan parte hartu du maiatzaren 25, 26 eta 27an.  

Aurten, tokian tokiko bizitasun kultural eta ekonomikoan eragiteko jokatu dezaketen rola aztertu dute jardunaldietara bertaratu diren hedabideek. Topaketan, gainera, zerbitzu publikoaren balioaz gogoeta egin dute eta kultur aniztasunaren sustapenean duten eginkizunean jarri dute arreta. Europako eskualde komunikabideen arteko lankidetzaren hobekuntza izan da jorratutako beste gai garrantzitsu bat. 

Biltzarrean zehar, funtsezko beste gai batzuk ere plazaratu dituzte mahainguruetan, hala nola, kazetaritzaren iraunkortasuna eta zerbitzu publikoaren hazkundea, eskualde eta ekonomia sortzaileak, eraldaketa digitala eta publiko gaztearenganako gerturatzea. Gai guzti hauek bat datoz EITBren etorkizuneko ikuspegiarekin.