Itxi

EITB TALDEA

Aurkezpena

Koldo Anasagastik 'CLANDESTINA. Radio Euzkadi, un irrintzi desde Venezuela' eleberria aurkeztu du EITBn

EITB Media

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria eta Radio Euskadiren Venezuelako garaiko historiarekin zerikusia izan zuten hogeita hamar bat pertsona izan ditu lagun.

  • Liburuaren aurkezpenaren talde irudia.

    Liburuaren aurkezpenaren talde irudia. EITB Media

Koldo Anasagastik CLANDESTINA. Radio Euzkadi, un irrintzi desde Venezuela liburua aurkeztu du ostegun honetan, ekainaren 30ean, EITBren Bilboko egoitzan. 1965 eta 1977 urteen artean Venezuelan Euskal Erresistentziaren ahotsa zabaltzeko asmoz egunero irratsaio bat eman zuten gizon eta emakume talde baten gorabeherak kontatzen ditu liburuak, eleberri gisa.

EITBk Radio Euzkadiren Venezuelako abentura hizpide duen liburua babestu du. Maite Goñik, EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak, liburuaren aurkezpenean parte hartu du, eta lanaren balioa azpimarratu du; Francoren erregimenaren zapalketari aurre egin eta hark kontatu nahi ez zuenari ahotsa jartzeko irratiak egin zuen lana ezagutarazteko garrantzitsua dela esan du. Aurkezpenean, Koldo Anasagastik eta Maite Goñik Radio Euskadiren historian parte hartu duten hogeita hamar bat pertsona izan dituzte lagun.

Koldo Anasagasti, junto a Maite Goñi

Koldo Anasagasti, Maite Goñirekin. EITB Media

Liburuak kontatzen du EGIko (Euzko Gaztedi) gazte talde batek, Caracasetik hirurogei kilometrora, oihan erdian, bi transmisore, talde elektrogeno bat eta erronboide antena erraldoi bat diseinatu eta instalatu zituela, Joseba Rezola garaiko erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak Donibane Lohizunetik adoretuta eta Jokin Inzak gidatuta. 

Hamabi urte horietan, Ixaka Atutxa gudari ohia aritu zen ekipamendu eskas hura zaintzen eta erabiltzen. Atutxak bere burua ere eskaini zuen munduari egunero Euskal Erresistentziaren ahotsa helarazten zion irratia babesteko, eleberriaren sinopsiak dioskunez. Radio Euzkadiren ahotsa zabaltzea posible izan zen, liburuan kontatzen denaren arabera, proiektuan parte hartu zutenen ardurari eta ausardiari esker, Venezuelako gobernuen adostasunari esker eta Karibeko herrialde horretan euskal komunitateak egindako ekarpen ekonomikoari esker. Zuhurtziaz jokatzeak izan zuen garrantzia ere nabarmentzen da: "Taldetik kanpoko inork ez zuen bere kokapena ezagutu behar, horregatik aipatzen zuten La Txalupa izenarekin, itsas zabaleko ontzi batean zegoela ikusarazteko, eta Macuto deitzen zioten zegoen leku fisikoari".

Koldo Anasagasti, aurkezpenean

Koldo Anasagasti, aurkezpenean. EITB Media

Koldo Anasagasti Venezuelako Cumaná hirian jaio zen eta bere bizitza profesionalaren zatirik handiena ikus-entzunezko esparruan egin du. Besteak beste, ETBko eta Donostia Zinemaldiko zuzendaria izan zen eta telebista saio ugariren ekoizle ere izan da. Literaturaren munduan El último fotograma eleberriarekin murgildu zen. 2019an argitaratu zuen eleberria eta John Andueza lagunarekin batera idatzi zuen. Bere bigarren eleberria, ¡Maldito caballo! 2020ko irailean argitaratu zen, eta istripu larri baten ondorioz harremana eten duten bi zinema-espezialista gazteren arteko adiskidetasuna du ardatz. 2021eko azaroan kaleratu zuen hirugarren lana, Y llegaron galernas izenekoa, 1941eko gerraostean Algortan girotutako eleberri laburra. Bertan, gazte batek aitaren delazioa eta fusilamendua mendekatu nahi ditu.