Itxi

EITB TALDEA

Estrategia EITB 2030

PRIMERAN, Orain eta Tourraren aurkezpenaren emanaldia mundura, EITBren 2023ko proiektu nagusien artean

EITB MEDIA

Gainera, CIRCOM kongresua antolatu du Donostian, Ukrainatik eta Artikotik egin ditu albistegiak, zinema ekoizpen askoren finantzaketan parte hartu du eta Gasteizko egoitza berria erosi du, besteak beste.

  • Audiovisual is Digital

    Audiovisual is Digital

Euskal Irrati Telebistaren zuzendaritzak 2023ko emaitzen txostena aurkeztu zuen Administrazio Kontseiluaren aurrean joan den urtarrilaren 30ean. EITB 2030 Estrategiaren ideia nagusiari jarraituz, EITBk urrats garrantzitsuak eman ditu bere eskaintza ikus-entzunezko edukien kontsumo digitalera egokitzeko. Proiektu horien bitartez, Audiovisual is Digital errealitatearekiko duen konpromisoa berretsi du.

2023an abian jarri dira PRIMERAN doako streaming plataforma eta Orain Whatsapp eta Instagram albiste zerbitzua. Halaber, EITBk lanean jarraitu du egungo testuinguru berrira egokitzea ahalbidetuko duten beste hainbat proiektutan: hala nola haurrentzako MAKUSI plataforman, GUAU-Gure Audioa izeneko entzunezkoen atarian eta eitb.eus webgune berrian. 2024an zehar jarriko dira eskuragarri guztiak.

Bestalde, EITB ikus-entzunezko taldeak Euskadiren irudi modernoa eta abangoardiakoa eskaini du munduan barrena. Izan ere, Bilboko Guggenheim Museoan izandako Frantziako Tourreko taldeen aurkezpenaren seinalea munduko 200 telebista baino gehiagotara zabaldu du. Gainera, Europako tokiko telebisten CIRCOM biltzarra antolatu du Donostian.

Aktualitatea zein euskal kirol emankizunak jarraitzeko herritarrek aukeratzen duten hedabide nagusia da EITB. Horregatik, urte osoan emanaldi bereziak eskaini ditu: esaterako, Ukrainatik eta Artikotik egin ditu albistegiak, gerraren eta COP28 goi-bileraren berri lekuan bertatik emateko.

Zinemari eta euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenari dagokionez, EITBk proiektu askoren finantzaketan parte hartu du, besteak beste, 2024ko Goya Sarietarako 33 izendapen jaso dituzten lanetan, azken edizioan baino hamar gehiago, hain justu.

Bestalde, globalizazioari eta digitalizazioari aurre egiteko, egoitzak eta azpiegiturak berritu nahi ditu EITBk. Asmo horrekin, Gasteizko egoitza berria hartuko duen eraikina erosi du 2023an, eta "Miramon Faktoria" proiektuarekin lanean jarraitu du. Izan ere, 2026. urtean Euskadin ikus-entzunezkoen ekoizpenerako erreferentziazko zentroa izango da  Donostiako egoitza.

Azkenik, EITBren Giza Baliabideen Plana dela medio, 2023an behin-behinekotasuna % 43 murriztu da, eta 17 milioi euro inguruko inbertsio-aurrekontua gauzatu da. Horrek esan nahi du aurreko urteen aldean % 140ko igoera egon dela.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea