15:30

Gaztea

Urriaren 31ra arte

Durangoko Azokak zabaldu du jada boluntarioentzat izena emateko epea

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Bigarren urtez jarraian jarri du martxan Durangoko Azokak Boluntariotza Programa. Azoka barrutik ezagutu nahi dutenek alor askotan lagundu ahalko dute: harreman publikoak, azpiegiturak, komunikazioa…

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Aurtengo edizioan ere Boluntariotza Programa antolatu du Durangoko Azokak, Azoka barrutik bizi eta antolaketa lanetan lagundu nahi dutenek, ahal den neurrian eta arlo ezberdinetan, horretarako aukera izan dezaten.

Hala, Azoka antolatzen lagundu nahi duten boluntarioek gaur hasi eta urriaren 31ra arte izango dute zabalik izena emateko epea, antolatzaileek prentsa ohar baten bidez zehaztu dutenez.

Hiru arlo hauetan lagundu ahalko dute:

Harreman publikoak: Bisitariei programan jasotako jarduerei buruz informazioa ematea du helburu; hala nola, egileen sinaketa orduak, postuen kokapena… Kasu honetan, leku ezberdinetan egongo dira boluntarioak: azokan bertan edota Landako guneko informazio-puntuan, esaterako.

Azpiegiturak: Azokaren antolaketa logistikoarekin lotutako jarduerak dira; besteak beste, aparkalekuen zaintza, Landako gunearen ate-irekiera, erakusketetako objektuen zaintza…

Komunikazioa: Azokaren Komunikazio Taldearekin elkarlanean, informazio eta banaketa lanetan lagunduko dute. Era berean, lokuzio lanetan ere hartuko dute parte; esaterako, euskarri ezberdinetan erreportajeak sortuz, sare sozialetan zein webgunean idatziz edota argazkiak eginez.

Azokaren webgune ofizialean eman behar dute izena horretan interesa dutenek, baina 18 urte baino gehiago izan behar dituzte, eta euskaraz komunikatzeko gai izan behar dute.

Txanda bakoitza hiruzpalau ordukoa izango da (nahi izanez gero, txanda bat baino gehiago egin ahal izango dute boluntarioek), eta boluntarioek motxila bat jasoko dute, urarekin eta otarteko batekin. Horrez gain, edizio honetako kartelaren irudia duen kamiseta bat emango diete, identifikatu ahal izateko, eta, nahi izanez gero, Azokaren Boluntariotza Programan parte hartu izanaren ziurtagiria ere jasoko dute.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean