00:17

Gaztea

23:30ean

Skakeitan taldearen 'Eman Ez Genuen Kontzertua' dokumentalaren estreinaldia, gaur gauean, EITBn

EITB Media

Gaztearen eskutik, Skakeitan musika taldearen inguruko dokumentala estreinatuko da aldi berean ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieranen eta taldearen Youtubeko kanalean.

  • Skakeitan taldea, 'Eman ez genuen kontzertua' dokumentalean

    Skakeitan taldea, 'Eman ez genuen kontzertua' dokumentalean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gaur gauean, 23:30etik aurrera, Skakeitan taldearen inguruko Eman Ez Genuen Kontzertua dokumental laburra estreinatuko da EITBn. 2019 amaieran taldeak kaleratutako Nola Galdu Denbora diskoaren eta covid-19aren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten aurkezpen biraren zein egitasmo ororen inguruko erretratu bat da. Gaztearekin eskutik gauzatu den proiektua da hau, eta hain zuzen, Ainhoa Vitoria Gazteako esatariak jarri dio ahotsa dokumentalari. ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieranen eta Skakeitan taldearen Youtubeko kanalean estreinatuko da lana, aldi berean.

Pandemia dela-eta eman ezin zuten kontzertu hori ikuslerik gabe grabatu eta lau kantutan laburbildu dute, Juantxo Arakama (Glaukoma), Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Xsakara musikarien kolaborazioekin. Badator eta Arriguriren gidaritzapean, dokumentalak Nola Galdu Denbora proiektuaren barruan parte hartu duten profesional zein taldekideen testigantzak jasotzen ditu: Haritz Harreguy (soinu teknikaria), Ruben Caballero (ekoizlea), Eliot James (ekoizlea/soinu teknikaria), Matt Uhina (soinu eta argiztapena), Ñako (managerra). Zuzeneko irudiekin batera, taldeak 2008. urtean sortu zenetik gaur egun arte bizi izan dituen esperientziak biltzen dituen bideo eta irudiak ikusi ahal izango dira. Bertan, taldearen kontzertu, bideoklip eta grabaketez gain, inoiz argitaratu ez diren irudiak ere aurkitu ahalko dira, normalean azaleratzen ez den taldearen alde pertsonalena erakutsiz.

Gaztearen eskutik gauzatu da Eman Ez Genuen Kontzertua lana, eta Gazteak Euskal Herriko musika ekosisteman duen parte-hartze aktibo eta garrantzitsuaren isla dira musikari eta taldeekin aliantzan egindako proiektu hauek.

Eman Ez Genuen Kontzertua dokumentalaren estreinaldia, gaur, 23:30etik aurrera, ETB1en, Gaztearen webgunean, EITB Nahieran plataforman eta Skakeitan taldearen Youtubeko kanalean

 

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean