Gaztea

Sari banaketa

C. Tanganak hiru garaikur eskuratu ditu aurtengo Grammy Latinoetan

B. F. | EITB Media

Ruben Bladesek irabazi ditu Urteko Pertsona eta Diskorik Onenaren sariak. Camilo musikari kolonbiarra eta Yotuel kubatarra izan dira galako beste bi izarrak.

  • C. Tangana, Grammy Latinoen galan

    C. Tangana, Grammy Latinoen galan. Argazkia: EFE

Bart izan da Grammy Latino Sarien XXII. edizioa, Las Vegaseko (AEB) MGM kasinoan. C. Tangana musikari espainiarrak hiru garaikur eskuratu ditu: Urteko Abesti Alternatiborik Onenaren Saria Nominao kantarengatik, Pop/Rock Abestirik Onenarena Hong Kongengatik eta Disko Grabaketa Ingeniaritza Onenaren Saria "El Madrileño" diskoarengatik.

C. Tanganak berak zuzenekoa eskaini du sari banaketan, Antonio Carmona, Alizz, La Hungara eta beste hainbat musikarirekin. Bertan, Ingobernable abestiaren bertsioa eskaini dute, janariz eta edariz betetako mahaiaren bueltan.

Gaueko beste hiru saritu nagusiak Ruben Blades, Camilo eta Yotuel izan dira. Lehenengoak Urteko Pertsona eta Disko Onenaren sariak irabazi ditu; eta, bigarrenak, lau garaikur eskuratu ditu (Pop Abestirik Onenaren saria tarteko). Yotuelek, ostera, Urteko Abestirik Onenaren Saria bereganatu du Gente de Zona, Descember Bueno, Maykel Osorbo eta El Funkyrekin elkarlanean egindako Patria y Vida kantari esker.

Nathy Pelusok Musika Alternatiboko Albumik Onenaren Saria irabazi du "Calambre" diskoari esker, eta Mon Laferten "Seis" izan da urteko Kantautore Albumik onena.

C. Tangana, Bilbon

C. Tanganak "Sin cantar ni afinar tour 22'" izeneko nazioarteko bira iragarri berri du, eta Barakaldoko BEC!en egingo du lehen geldialdia, urtarrilaren 29an. Gero, Bartzelona, Buenos Aires eta Bogotan, besteak beste, izango da musikaria.

Sarrerak azaroaren 16tik daude salgai, eta 44 eurotik 60era bitarteko prezioa dute.