Gaztea

Grammy sariak

Olivia Rodrigo, Silk Sonic eta Jon Batiste, 2022ko Grammy Sarietako izarrak

B. F. | EITB Media

Billie Eilish eta FINNEAS izan ziren unerik hunkigarrienaren protagonistak, zendu berri den Taylor Hawkinsi (Foo Fighters) egindako omenaldian.

  • Olivia Rodrigo

    Olivia Rodrigo. Argazkia: EFE

Olivia Rodrigo, Silk Sonic (Bruno Mars eta Anderson Paaken taldea) eta Jon Batiste izan dira Grammy Sarien 64. edizioko izen nagusiak. Estreinakoz Las Vegasko MGM Grand Garden Arenan ospatu da gala, eta Trevor Noah aktore eta umorista izan da aurtengo aurkezlea.

Olivia Rodrigok Artista Gazte Onenaren Saria, Pop Disko Onenaren Saria ("Sour" diskoarengatik) eta Pop Interpretazio Onenaren Saria (Driver license) eskuratu ditu. Bruno Mars eta Anderson Paakek osatutako Silk Sonic bikoteak Urteko Grabaziorik Onenaren eta Urteko Abestiaren sariak (Leave the door open), R&B Interpretazio Onenarena eta R&B Abestirik Onenaren garaikurrak eraman ditu.

Urteko Diskoaren kategorian, Jon Batisteren "We are"k eskuratu du saria. Beste lau garaikur lortu ditu Batistek, Ikuskizunik Onenarena eta American Roots Abestirik Onenarenak kasu.

Aurtengo irabazleak hautatzeko modua ez da azken urteetako bera izan. Bada, orain arteko epaimahai anonimoak alde batera utzi eta AEBko Grabazio Akademiaren 11.000 kideren esku egon da sarituak aukeratzeko ardura.

Foo Fighterseko Taylor Hawkinsi omenaldia

Gaueko momentu hunkigarriena Billie Eilish eta FINNEASen zuzenekoa izan da. Bi artistek Happier than ever abestia kantatu dute zuzenean, zendu berri den Taylor Hawkinsen omenezko kamiseta jantzita.

Ukrainako presidentearen mezua

Ukrainako gerrak ere izan du tartea bart Las Vegasen egindako sari banaketan. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak babesa eskatu die MGM aretoko publikoari eta nazioarteko ikus-entzuleei, eta sare sozialetan zein telebistan "gerraren inguruko egia" kontatzeko deia egin du agintariak.