00:17

Gaztea

22:30ean

Gaztea Cover lehiaketaren finala, zuzenean gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Julen Telleriak aurkeztuta, Umami, Danel Sarasua, IVP taldea, Unai Cantabrana, Krusak eta Uxue Kerejeta arituko dira oholtza gainean.

0:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gaur gauean, Gaztea Cover lehiaketako final handia jokatuko da zuzenean ETB1en eta eitb.eus-en 22:30ean. Julen Telleriak aurkeztuta, sei musikari arituko dira lehian Donostiako Miramongo estudioetan jokatuko den finalean.

Gasteizko Umami taldea Compay Segundo kubatarraren "Chan Chan" kantuarekin arituko da; Danel Sarasuak, Aretxabaletatik, Bulego taldearen "Ezer ez da berdina" kantua eskainiko du; IVP taldeak, Bilbotik, Sandro Giacobbere italiarraren "El jardín prohibido" kantua joko du; Elgetako Unai Cantabrana Harry Styles ingelesaren "Golden" kantuarekin arituko da; Bilboko Krusak taldeak Rigoberta Bandini bartzelonarraren "Ay mamá" joko du; eta Uxue Kerejetak, Zumarragatik, Xabi Bandini eta Chica Sobresaltoren "Zalantza eta egia" kantua eskainiko du.

Sei finalisten artetik, bi superfinalista sailkatuko dira segidan superfinala jokatzeko, eta superfinalistek beste kantu bana abestu beharko dute.

Finalaurrekoetan bezala, epaimahai lanetan Ainhoa Arroitajauregi iazko Gaztea Cover lehiaketako irabazlea eta Leire Leturia eta Chica Sobresalto abeslariak arituko dira.

Influencer lanetan, Ane Lindane eta Julen Portillo komedianteak arituko dira. Halaber, lehen avatar covergile euskaldunaren bisita izango dute lehiaketan zehar.

Bi sari banatuko dira. Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro eramango ditu, eta, entzuleen sariaren irabazleak, 1.000 euro musika material profesionala erosteko. Finalean zehar, ikus-entzuleek euren talde edo abeslari gustukoenen aldeko botoa emateko aukera izango dute eitb.eus-en.

Iaz jarri zuen abian Gazteak bertsio lehiaketa hau, musikari hasiberriak ezagutu eta horiei ateak zabaltzeko. Aurten aurkeztutako coverrak, guztira, 120 izan dira; horietatik, finalerdietarako, 20 sailkatu dira, eta sei finalistek jokatuko dute final handia astearte honetan 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean