EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Inbestidura saioa

Maneiro: 'Euskadik ez du subiranotasun gehiagorik behar'

UPyDren legebiltzarkidearen esanetan, ezin da lehendakari izan "ETA gaitzetsi ez duen alderdi bateko hautagaia".

Gorka Maneiro, gaurko hitzaldian. EITB
Gorka Maneiro, gaurko hitzaldian. EITB
UPyDren legebiltzarkideak EAEko erakunde sistema "astakeria" dela adierazi du

00:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak EAEko erakunde sistema "astakeria" dela adierazi du, eta, horrenbestez, erreformatzea "premiazkoa" iritzi dio, "eskuduntzak argitu" eta beharrezkoak ez diren erakundeak "kentzeko".

Lehendakariaren inbestidura saioan egindako agerraldian, Maneirok kritikatu egin du "bi milioi biztanle" dituen lurralde batek "lau parlamentu, lau gobernu, hiru ogasun eta ehunka enpresa publiko" edukitzea. "Ezin dugu erakunde sistema opaku, erraldoi eta zaharkitu bat izan", gaineratu du.

Maneiroren esanetan, UPyDrentzat "lehendakarigai bakarra" dago [ñigo Urkullu jeltzalea]. Izan ere, "ezin da lehendakari izan ETA gaitzetsi ez duen alderdi baten hautagaia" [Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia].

UPyDren legebiltzarkideak "ETAren lagun leiala eta gaizkileen bozeramaileak izatea" egotzi dio ezker abertzaleari, eta erakunde terroristak "bizirik eta mehatxu egiten" jarraitzen duela aipatu du. "Agiriak publikatzen ditu, ez da desegin, ez ditu armak entregatu, ez du barkamena eskatu eta ez da damutu, eta ez du Justiziarekin kolaboratu", deitoratu du.

Horren ildotik, Maneirok iragarri du UPyDk ezin izango duela "ezer partekatu ETA gaitzesten ez dutenekin". "Hori da gure muga etiko ukaezina", berretsi du.

Bestalde, Euskadik ez duela "subiranotasun gehiagorik behar" adierazi du Maneirok, eta "egonkortasuna" emateko Gobernu bat behar dela erantsi du.

"Konstituzionalismoa babestuko dugu, konplexurik gabe", azpimarratu du.

Maneiroren esanetan, legegintzaldi honetan oposizio "eraikitzailea" egingo dute, politikariek "arazo ekonomikoak konpontzeko" lan egin behar baitute.

Halaber, UPyDk beharrezkotzat jotzen dituen hainbat ekimen aipatu ditu, hala nola Lurralde Historikoen Legea erreformatzea, Udal Legea onartzea, udalen artean bat-egiteak egitea, ETA behin betiko "menperatzea" eta biktimen oroimena defendatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea