EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

irailak 25

Urizar: 'EH Bildu da EAJ subiranotasunerantz eramango duen bakarra'

'Aldaketa' ekarri nahi du EH Bilduk, ongizatean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte batean begirada jarrita.

Pello Urizar, EA. Argazkia: EiTB.
Pello Urizar, EA. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoak aldaketarako aukera bat direla esan du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakideak. Horren hitzetan, ezker abertzaleko koalizioa da aldaketa bermatuko duena. "EH Bildu izango da EAJ subiranotasunerantz eramango duen alderdi bakarra", zehaztu du.

Eusko Alkartasunaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldian egin ditu adierazpenok Urizarrek, Gasteizen. Alderdiaren historia errepasatu ondoren, irailaren 25eko hauteskundeak izan ditu hizpide. Bere esanetan, sozialdemokrazia, independentzia eta giza eskubideak izan dira, hasieratik, EAren ardatzak, eta datozen bozetara EH Bildu koalizioa ere, oinarri horiek erdigunean jarrita joango dela esan du. Egungo "lan-prekarietatea eta eskubide murrizketak" EAJren urtetako gobernuak utzitako irudiak direla esan du.

Urizarren esanetan, EAJk eta PSE-EEk beren politikak “mantendu”ko dituzte baldin eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hori ahalbideratuko duen gehiengoa lortzen badute. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek EAEko hiru diputazioetan eta udal nagusienetan agintzen dute.

Horren aurrean, Urizarrek azpimarratu du “justizia soziala, eskubideak eta ongizatea” oinarri izango dituen gizartea lortzeko “aldaketa” bultzatzea duela helburu EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Eguneko albisteak