EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainaren hirugarren eguna

Mendia: 'Ez daude bi Euskadi desberdin, euskal gizarte bakarra dago'

EAJk ez du ikusten Euskadin Espainian dagoen "gobernu falta"; EH Bilduk prozesu independentista propioa eskatu du; PPk Euskadi forala defendatu du, eta Elkarrekin Podemosek, erabakitzeko eskubidea.

Idoia Mendia, Gasteizen egindako gaurko ekitaldian. EiTB
Idoia Mendia, Gasteizen egindako gaurko ekitaldian. EiTB
Mendiak Pedro Sanchezen babesa jaso du Gasteizen

0:57

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetarako hirugarren kanpaina-eguneko goizean, EAJk adierazi du Euskadin ez duela ikusten Espainian dagoen "gobernu falta"; EH Bilduk prozesu independentista propioa eskatu du; PSE-EE-ren aburuz, euskal gizarte bakarra dago; PPk Euskadi forala defendatu du, eta Elkarrekin Podemosek, erabakitzeko eskubidea.

Jarduneko lehendakari eta berriz hautatua izateko EAJren hautagai den Iñigo Urkulluk EAJk Laudion egindako ekitaldi politikoan parte hartu du. Bertan esan duenez, irailaren 25ean "Euskadik diferentzia ezartzeko aukera dauka", eta ziur agertu da Euskadi ez dela kutsatuko "betoak, blokeoak eta marra gorriak ezartzeko zaletasunarekin".

"Euskadik etorkizunari begiratzen dio", esan du, eta, aldi berean, hauteskundeen "errepikatzaileei" (PP, PSOE, C's eta Podemos aipatu ditu horrela) esan die Euskadi ez dela Espainian dagoen "gobernu faltan" murgilduko, "egonkortasuna, erantzukizuna, sendotasuna, kaudimena, indarra eta irekiera behar baititu", eta, bere esanetan, bere alderdiak ezaugarri horiek guztiak dituen gobernua eskaintzen du.

Horrez gain, EAJri botoa ematea "elkarrizketaren, adostasunaren eta guztion artean herria eraikitzearen aldeko botoa ematea" dela gaineratu du.

EH Bildu Kataluniakoaren pareko prozesu propio bati ekitearen alde

EH Bilduk subiranotasun-prozesu bat hasteko beharrizana defendatu du gaur, Kataluniak egin duen bezalakoa, baina "propioa", eta horri "anbiguotasunik gabe eta muturreraino neurtutako hitzik erabili gabe" aurre egitearen alde agertu da. Halaber, "EAJ-PSE hitzarmena iraganeko frontea" dela adierazi du, eta "oreka berriak" behar dituztela horiei "aurre egiteko".

Subiranotasunaren aldeko koalizioak Durangon egin du igandeko bere ekitaldi politikoa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte, bertan zirela.

Kataluniako Diada izan dute hizpide, besteak beste, eta hauxe esan du horren inguruan Maddalen Iriartek: "Gaur gure begirada Katalunian dago, baina gure burua hemen dago, Euskal Herrian".

Mendia: "Euskal gizarte bakarra dago"

Idoia Mendia lehendakari izateko PSE-EE alderdiaren hautagaia eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia izan dira protagonista nagusiak Gasteizko Zaramaga auzoan egin duten ekitaldi politikoan. Mendiak bertan azpimarratu du ez daudela bi Euskadi desberdin, "euskal gizarte bakarra" baizik, eta gizarte horrentzat bere alderdiak "herri proiektu bat" daukala azpimarratu du.

Sanchezek, bere aldetik, irailaren 25ean bozkatzera joateko eskatu die euskal sozialista guztiei, "agenda subiranozalearen gainetik agenda soziala jarriko duen aldaketa izan dadin Euskadin".

PPk "Euskadi forala" defendatu du

Alfonso Alonso Alderdi Popularreko lehendakarigaiak gaur esan duenez, bere alderdiak "Euskadi forala" defendatzen du, EAJk nahi duen "euskal zentralismoa"ren eta Pedro Sanchezek aldarrikatzen duen "federalismoa"ren aurrean.

Alonso Langraiz Okan egon da igande goizean Andrea Levy PPko Programako idazkariordearekin eta Javier de Andres Arabako bigarren zerrendaburuarekin batera. Azken horrek deitoratu egin du EAJren "hizkuntzan oinarritutako nortasun iragazkia"; izan ere, horren esanetan, kalte handia egin die arabar askori, "enplegu publikoa lortzeko aukerarik izan ez dutelako".

Elkarrekin Podemos erabakitzeko eskubidearen alde, "legezko bideetatik" eta "aldebiko eran"

Pili Zabala Elkarrekin Podemos koalizioko lehendakarigaia Donostian izan da goizean, emakumezkoen Kontxako estropadan parte hartu duten arraunlariak animatzeko eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erabateko berdintasuna aldarrikatzeko.

Bestalde, Zabalak Kataluniako Diadaren ospakizunaren aurrean errespetua eskatu du, eta, aldi berean, "legezko bideetatik" eta "aldebiko eran" garatuko litzatekeen erabakitzeko eskubidearen alde egin du.

Ciudadanos erabakigarria izango da Euskadin askatasuna defendatzeko

Miguel Gutierrez Ciudadanos alderdiak Espainiako Parlamentuan duen idazkari nagusiak gaur baieztatu duenez, alderdi laranja "erabakigarria" izango da Euskadin "askatasun eta berdintasun politikak" defendatzeko. Gutierrez Donostian egon da, Kontxako Banderako bigarren jardunaldia jarraitzen eta Nicolas de Miguel lehendakarigaiari babesa ematen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu biografia Hauteskundeak Euskadin Idoia Mendia albisteak Alderdi politikoak EH Bildu Araba PSE-EE Euskadiko PP bideoak Gaurko azken orduko albistea Alfonso Alonso bideoak Podemos Ahal Dugu Euskadi Pili Zabala albisteak