EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina hasiera

EH Bildurekin eta PSErekin Gobernu progresista eratzea da Gorrotxategiren helburua

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du badela garaia "40 urte eta gero, EAJren eta patronalaren eskuineko gobernuei amaiera emateko".

Miren Gorrotxategi lehendakarigaia kanpaina hasierako ekitaldian. Argazkia: EFE
Miren Gorrotxategi lehendakarigaia kanpaina hasierako ekitaldian.
Elkarrekin Podemosek Gasteizen egin du hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldia

1:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du bere helburua Euskal Autonomia Erkidegoan gobernu progresista bat osatzea dela, "40 urte eta gero, EAJren eta patronalaren eskuineko gobernuei amaiera emanez".

Duela lau urte, Podemos, Ezker Anitza eta Equo batera aurkeztu ziren hauteskundeetara, baina, oraingoa alderdi ekologista kanpora geratu da, Espainiako hauteskunde orokorretan Equok Iñigo Errejonen Mas Pais alderdiarekin bat egin zuelako.

2016ko hauteskundeetan, Elkarrekin Podemosek 157.334 boto eta 11 eserleku lortu zituen.

Koalizioak Gasteizko Europa Jauregian egin du kanpaina hasierako ekitaldia, koronabirusagatik segurtasun neurriak hartuta. Gorrotxategik COVID-19ak hildako pertsona guztiak eta haien senideak oroituz hasi du mitina.

EH Bilduri eta PSE-EEri aipu eginez, ezkerreko alderdiekin elkarlanean aritzeko eta gobernu progresista bat osatzeko prest agertu da Gorrotxategi, betiere eragile sozialak eta sindikalak kontuan hartuta.

Gorrotxategiren esanetan, ezkerra batzeko giltzarria Elkarrekin Podemos da. "Euskal ezkerra banatuta egon da eta ez da inoiz gai izan akordioak egiteko", deitoratu du.

Elkarrizketarako dei eginez, Elkarrekin Podemosek mahaia jarriko duela adierazi du. "Eskatzen dudan gauza bakarra da eseri gaitezela herritarren kezkei buruz hitz egiteko. Gauzak aldatu nahi badituzte, hori da bidea", azpimarratu du.

Hiruko Gobernu aurrerakoia osatu ahal izateko Elkarrekin Podemosek uztailaren 12ko hauteskundeetan emaitza ona lortzea ezinbestekoa dela esan du. "40 urteko politika kontserbadorea amaitzeko asmoz, aldaketa nahi duten guztien botoa eskatzen dut", erantsi du.

Bestalde, Gorrotxategik beste gai batzuk ere izan ditu hizpide. Lehendakari izanez gero, osasun publikoa indartuko duela eta hezkuntzan gehiago inbertituko dela agindu du. Halaber, zerga sistema aldatuko duela esan du, gutxiago dutenak eta okerren pasatzen ari direnak babestuz.

Adineko pertsonen egoitzetako eredua aztertuko duela eta zaintza zerbitzuak eta politika sozialak indartuko dituela promestu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Miren Gorrotxategi