EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde-kanpaina

EH Bildu: "Ez dakigu Administrazioak guztien boto-eskubidea bermatuko duen"

Maddalen Iriartek, kanpaina-amaierako ekitaldian, eskatu die herritarrei "euren interes partikularrak jendearen osasunaren aurretik" jarri dituztenei "mezu ozen eta argia helaraztea".

EH Bilduk Donostian itxi du kanpaina. Argazkia: EFE.
EH Bilduk Donostian itxi du kanpaina
Iriartek kritikatu du Jaurlaritzak interes elektorala jarri duela osasunaren gainetik

0:53

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Donostian amaitu du hauteskunde-kanpaina, ekitaldi politikoa eginez, eta Maddalen Iriarte lehendakarigaiak azpimarratu du "oraindik" ez dagoela argi "Administrazioak nola bermatuko duen igandean botoa emateko herritar guztiek duten eskubidea"; izan ere, haren esanetan, "Jaurlaritzak egoera kontrolpean duela dioen arren, datuek gero eta irmoago errefusatzen dute hori".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta David Fernandez CUPeko bozeramaile ohiak ere parte hartu duten ekitaldian, Iriartek eskatu dio Eusko Jaurlaritzari "jendeari argi hitz egin diezaiola, eta esan dezala nola bermatuko duen hauteskundeetan berdintasunean parte hartzeko eskubide demokratikoa"; halaber, Iriarte herritarrei zuzendu zaie, "igandean beren haserrea adieraz dezaten hautestontzietan": "Euren interes partikularrak pertsona guztien osasunaren aurretik jarri dituztenei mezu ozen eta argia helarazteko garaia da", nabarmendu du.

Hautagaiak salatu duenez, larria eta onartezina da botoa emateko eskubidea kentzea koronabirusak kutsatutakoei; EH Bilduk esan duenez, hori da Jaurlaritzaren asmoa,  Osasun sailburuak ostiral honetan bertan iragarri duenez, baina, Iriarteren iritziz, "onartezina da hauteskundeak baino bi egun lehenago Mendia-Urkullu Gobernu koalizioak herritarrei zalantza-mota horiek helaraztea".

Iriarte kezkatuta agertu da horregatik, eta gogorarazi du egoera honen arduradunek izen-abizenak dituztela: "Osasun-bermeak eta berme demokratiko guztiak betetzen ez zirela jakinda, hauteskundeak deitu zituztenak. Bazekiten berragertzeak izateko arrisku handia zegoela, baina ez zituzten oposizioaren proposamenak entzun nahi izan, eta orain ez dute botoa emateko eskubidea bermatzeko B planik ere".

EH Bilduren lehendakarigaiaren iritziz, gertatzen ari dena begi-bistan uzten ari da "Urkulluren Administrazioak" ez duela "osasun-baldintzen gaineko kontrolik", egunero foku berriak agertzen direlako komunikabideetan: "Zifra-dantza ulertezin batean gaude, eta ez dago ez informazio argirik, ez neurri sendorik, ezinegon orokor honi amaiera emateko".

Arnaldo Otegi: "Egoerak eskuetatik ihes egin dio berriro ere Jaurlaritzari"

Iriarte bezala, Arnaldo Otegi ere kezkatuta agertu da birusaren berragertzearekin; haren iritziz, agerikoa da "egoerak eskuetatik ihes egin diola berriro ere Jaurlaritzari".

Esan duenez, "denek ikusi dute Gobernu honek lehentasuna eman diela hauteskundeei osasunaren gainetik, eta hori ezin da berriro gertatu; herritarren osasuna eta ongizatea beste edozein interesen gainetik jarriko dituen Gobernua behar dugu, konfiantza izateko Gobernu bat behar dugu, egia esango duen Gobernu bat behar dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Hauteskundeak Euskadin 2024 Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus EH Bildu bozeramailea Hauteskundeak Hauteskunde inkestak 2020ko EAEko hauteskundeen emaitzak