EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
EH Bilduk lanaldia murriztea eta gutxieneko soldata igotzea eskatu du
Etxebizitzari dagokionez, Etxebide alokairu soziala kudeatzeko organismo bihurtzea proposatu du gaur goizean EH Bilduk.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bildu koalizioko hautagaiak indarrean dagoen eredu sozio-ekonomikoa aldatu behar dela adierazi du eta horretarako zenbait proposamen egin ditu: lan ordutegia murriztea enplegua banatzeko, Euskadik Lan Harremanetarako esparru propioa izatea eta gutxieneko soldata 1.075 eurora igotzea.
Etxebizitzari dagokionez, Etxebide alokairu soziala kudeatzeko organismo bihurtzea proposatu du gaur goizean EH Bilduk. Bilbon egindako agerraldian, Gipuzkoan Bilduk aplikatu duen fiskalitate “bera” ezarriz finantziatuko ditzuten zenbait neurri iragarri ditu Laura Mintegik.
Lana banatzea
EH Bilduren proposamenik garrantzitsuena Euskadin Lan Harremanetarako esparrua sortzea izango da. Horrez gain, lana banatzea eta soldatak parekatzea ere proposatu du koalizioak, “egun ematen diren ezberdinatasunekin amaitzeko”.
Etxebide
Etxebizitzari dagokionez, Etxebide alokairu soziala kudeatzeko organismoa izatea proposatu du Laura Mintegik. Bankuei ordaindu gabe dauden etxeak erosita, Etxebidek alokairu sozialetan eskainiko lituzke. Modu horretan, kaleratzeak saihestea bilatu nahi du EH Bilduk.
Zerbitzu sozialak
Zerbitzu sozialak murriztearen aurka agertu da EH Bilduko hautagaia. “Arazoa ez da dirurik ez dagoela, gaizki banatzen dutela baizik”. Zerbitzu sozialetan koordainketak kentzeko exijitu du Laura Mintegik.
Gaineratu duenez, “enplegua” izango da koalizioaren “lehentasuna”: “Kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea”.“Lan astea gutxitzeko ahalegin sendoa egingo dugu –lana banatu eta lana familia eta aisialdiarekin uztartu ahal izateko-, eta gutxieneko soldata pobrezia mailatik gora igotzea bultzatuko dugu”, adierazi du EH Bilduk.