EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U-21

Krisi ekonomikoa eta independentzia, eztabaidako gai nagusiak

Independentzia eta Espainiarekiko harreman esparru berri batek EAEri ekarriko liokeena izan dira Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien lehendakarigaien hauteskunde eztabaidaren gai nagusiak.

Hautagaiak, eztabaidan. Argazkia: EITB.
Krisi ekonomikoa eta independentzia, eztabaidako gai nagusiak

08:52

I.G./N.O.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentzia eta Espainiarekiko harreman esparru berri batek EAEri ekarriko liokeena izan dira Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien sei lehendakarigaien hauteskunde eztabaidaren gai nagusiak. Krisi ekonomikoaz ere aritu dira hautagaiak.

Ekonomiaren inguruko bi zati zeuden arren, independentzia eta Euskadik Espainian duen tokia izan dira nagusi Iñigo Urkulluren (EAJ), Patxi Lopezen (PSE), Antonio Basagoitiren (PP), Laura Mintegiren (Eh Bildu), Jose Navasen (EB) eta Gorka Maneiroren (UPyD) arteko ordu eta erdiko eztabaidan.

Basagoitik hasi du gai ekonomikoaren eztabaida, eta behin eta berriro eskatu dio Urkulluri alderdiko egitarauan independentzia dagoen ala ez erantzuteko. Hautagai popularra jo eta ke aritu den arren, EAJko hautagaia ez da auzi horretan sartu hirugarren tartera iritsi diren arte (esparru juridikoa, elkarbizitza eta erabakitzeko eskubidea).

"Ona litzateke zure plana zein den argitzea eta bertan independentzia edo erreferenduma dagoen azaltzea", esan dio Basagoitik. Halaber, Ibarretxeren aroan "100.000 gazte inguru Euskatik joan zirela" adierazi du. "Kanpaina osoa daramagu eta oraindik non zauden esan gabe jarraitzen duzu", esan dio hautagai jeltzaleari.

"Nazionalismoaren helburuak betez gero, pentsioak arriskuan" geldituko direla gaineratu du Basagoitik. "Burujabetzaren inguruko proposamenak dena jartzen du arriskuan". Ez du Urkulluren erantzunik jaso eta "zerbait ezkutatzen duzula sinesten amaituko dugu", ohartarazi dio.

Elkarbizitzaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruko tartean, "Euskadin aro berri bat" hasi dela nabarmendu du Urkulluk, "ez baitago ETAren mehatxurik" eta datorren Legebiltzarrean "alderdi politiko guztien ordezkariak egon daitezkeelako".

Basagotik behin eta berriro galdetu dionez, "Euskadiko etorkizunarekin beldurrik ez sartzea" eskatu dio Urkulluk eta "independentzia beste auzi batzuk estaltzeko ez erabiltzeko" ohartarazi dio.

"EAJren proiektua ez doa inoren aurka. Hankak lurrean ditugu eta inork ez du beldurrik izan behar", adierazi du. Halaber, "autogobernu gehiago" lortzeko apustua berretsi du.

Bakearen legealdia

Bestalde, "bakearen legegintzaldia izan da hau", esan du Patxi Lopezek, eta "indarkeriarik gabe, elkarbizitza eraiki" behar dela defendatu du. "Autogobernuaren alde nago, elkarbizitzak hori uzten digu eta", esan du.

Ildo honetan, Urkulluri horren inguruko jarrera argitzeko eskatu dio. "Ni independentziaren aurka nago, baita PPren Gobernuak ostiralero ezartzen digun zentralismoaren kontra ere". "Kanpaina amaitu egingo da eta pentsatzen eta proposatzen duguna ezkutatzen jarraitzen dugu", esan dio Lopezek hautagai jeltzaleari.

"Hemendik at zaudenean, independentzian aurrerapausoak emateaz hitz egiten duzu, eta horrek ez du autogobernuarekin zerikusirik".

Hautagai sozialistaren iritziz, independentziak " ez du irtenbiderik ematen eta herrialdea txiroago bilakatzen du". "Independentzia proposatzen duen edozeinen aurrean egongo naiz", adierazi du.

Laura Mintegik, ordea, "krisiaren irtenbide bakarra independentzia maila handiagoa" lortzea dela defendatu du, "ekonomikoki eta sozialki herrialde bizia izateko, hau hondoratzen ari delako".

"Gai nazionalean" EAJrekin bat egiten duela esan du koalizio abertzaleko hautagaiak, baina ez arlo ekonomikoan. "Gure artean konpontzea baino ez zaigu gelditzen, ez dago beste erremediorik. Ikusten gaituen jendeak bakea merezi du", azpimarratu du.

Balizko galdeketa baten inguruan, "demokraziak beldurra" ematen duela esan du Mintegik. "Zergatik gara herrialdeari pentsatzen duena galdetzearen beldur?"

Jose Navasen (EB) iritziz, Aieteko Adierazpena (gaur urtebete bete da) "bakea lortzeko, biktimen mina erreparatzeko eta ETAren desagerpena lortzeko bidai orria da".

Azkenik, etorkizunean ezingo dela "presoekin zesiorik" egin nabarmendu du Gorka Maneirok (UPyD), eta Euskadik independentzia lortzea "mehatxua" dela esan du; "hondamendia litzateke".

Murrizketak eta krisia

Murrizketak, dagoeneko aplikatu direnak eta etorkizunekoak, eztabaidaren ardatz izan dira. Patxi Lopez lehendakarigaiak esan duenez, Euskadin ez da koordainketa ezarri eta ez dira oinarrizko zerbitzuak murriztu. Urkulluk esan du murrizketa gehiago egin beharko direla, baina hezkuntzan, osasunean eta pentsioetan eraginik izan gabe.

Lopezek askotasn galdetu dio Urkulluri "murriztu nahi duten 1.000 milioi euroak nondik aterako dituen", eta hautagai nazionalistak administrazioa "txikitzea" eta "kontzertu ekonomiko gehiagorekin" diru gehiago biltzea espero duela erantzun dio, BEZa eta zerga bereziak Euskadin kudeatzeko.

Puntu horretan, Basagoitik plan independentistek eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren hausturak pentsiok arriskuan jarri dituztela adierazi du. EH Bilduko lehendakarigaiak, aldiz, koalizio abertzaleak Gipuzkoan onartutako erreforma fiskalak jarri ditu eredutzat, aberastasun handia dutenei zerga berezi bat ezarrita eta PFEZa aldatzea "gehien dutenek gehien ordaintzeko".

Navasek, EBren Arabako hautagaiak, azaldu duenez, Euskadi paradisu fiskala da Europan, UPyDko ordezkariak, bestalde, Legebiltzarrak bateratutako politika fiskala eta euskal administrazioen sarea sinplifikatzeko erreforma instituzionala eskatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea