EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Bitxikeriak
Urtebetetzeak eta txahalentzako biberoiak ere izan dira kanpainan
Azken asteotan txahal bati jaten ematen ikusi dugu Basagoiti, eta Urkulluk eta Lopezek urtebetetzea ospatu dute. Zer jaso zuen lehendakariak oparitan?
Erredakzioa
Mitinak, hauteskunde ekitaldiak eta eztabaidak nagusi izan dira Euskadin azken asteotan, igande honetako hauteskundeei begira. Hala ere, 2012ko kanpainak hainbat bitxikeri ere utzi ditu.
Kanpainako irudirik dibertigarrienetako bat Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak utzi digu. Izan ere, kanpaina hasi eta gutxira Zuhatzu-Kuartangora (Araba) joan zen, eta, hango baserri batean, jaten eman zion txahal bati, biberoi eta guzti.
Gainera, zenbait hautagaien urtebetetzea ere ospatu dugu berriki. Iñigo Urkulluk 51 urte egin zituen aurre-kanpainan, eta Patxi Lopezek 52 egin zituen urriaren 4an, kartelak pegatzeko ekitaldiekin bat eginez. Begoña Gil emazteak Termomix bat oparitu zion, eta hauteskundeak igaro ondoren erabiliko duela azaldu zuen Lopezek.
Zenbait hanka sartze eta hitzaldi luzeegiak
Beren proposamenak entzuteaz gain, barre egiteko aukera ere egon da hauteskunde ekitaldietan.
Joan den igandean, ''a'' letra atzean utzi eta bere hitzaldiari kontrako zentzua eman zion Antonio Basagoitik. "Vamos a ganar la independencia" (''Indepedentzia irabaziko dugu'') esan zuen, ustez ''Vamos a ganar A la independencia'' (''Idenpendentziari irabaziko diogu'') esan nahi zuen arren.
Bezperan, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak izan zuen hanka sartzea. PPren leloa ahaztu eta, ''joan zaitezte botoa ematera; hori da garrantzitsuena'' irten zitzaion.
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere modu bitxian bukatu zuen Barakaldon egin zuen agerraldia. Hitzaldia luzeegi ari omen zen egiten, eta antolatzaileek musikaren bolumena igo zuten, bukatu behar zuela nolabait esateko.