EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U-21

Akordioa eta bakea, ETB1-eko eztabaidako mintzagai nagusiak

ETAk indarkeria behin betiko amaitutzat eman zuela urtebete dela eta, eman beharreko urratzez eta bakegintzaz mintzatu dira lehendakarigaiak ETBn.

Hautagaiak, ETB-1eko hauteskunde eztabaidan Argazkia: EITB
Hautagaiak, ETB-1eko hauteskunde eztabaidan Argazkia: EITB
ETB-1eko hateskunde eztabaidaren laburpena

12:06

M.Beistegi/ I.Gomez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordioa eta bakea izan dira Iñigo Urkullu (EAJ/PNV), Idoia Mendia (PSE-EE), Laura Garrido (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Gorka Maneiro (UPyD) eta Felix Gonzalo (EB-Berdeak) hautagaiek ETB-1eko bigarren hauteskunde eztabaidan gehien aipatu dituzten berbak.

Krisi ekonomikoa izan du abiapuntu eztabaidak eta hautagai guztiek bat egin dute egungo egoeraren larritasuna aipatuta. Egoera horretatik ateratzeko ibilbide orriari dagokionez, ostera, ez dira bat etorri. Dagoen eredua balekoa dela uste du EAJk, aztertu eta aldaketaren bat egitearen alde azaldu bada ere: "Orain arteko ereduak balio du, ez gaudelako esperimentuetarako. Aldaketa fiskala behar da, ekonomia berpizteko. Zerga sistemari aurrerakoiena daukagu, aztertu behar da, baina oreka bat lortuz", esan du Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak.

Krisiari aurre egiteko, fiskalitate berria behar dela uste du, berriz, Idoia Mendia PSE-EEko hautagaiak. Enplegua sortzeko oinarriak finkatu behar dira, Laura Garrido PPko ordezkariaren arabera, eta horretarako, independentziarik behar ez dela nabarmendu du: "Enpresa txikiek eta ekintzaileek sortzen dute enplegua eta horretarako lasaitasun behar dute. Independentziak ez die konfiantza ematen", adierazi du.

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiaren ustez, enplegua sortzeko, lehenik, dagoena behar bezala banatu behar da. Krisitik ateratzeko, baina, "fiskalitate progresio" bat proposatu du: "Gipuzkoan martxan jarri dugu eta emaitzak ematen ari da, diru bilketa gehitzea posible da", agertu du.

Felix Gonzalo (EB-Berdeak) hautagaiaren arabera, berriz, "Kapitalismoa administrazio publikoa argaltzen saiatzen da; guk zerbitzu publikoak handitu nahi ditugu.Iruzur fiskalari aurre egin behar zaio, horretarako tekniko gehiago behar ditugu".

Gorka Maneiro UPyDko lehendakarigaiaren arabera, erreforma fiskala egin behar da, eta Euskadiren eredu instituzionala eta Lurralde Historikoen Legea aldatu behar dira.

Herri eredua

Autogobernua handitzeko akordio politiko berri bat behar dela esan du Iñigo Urkulluk, "Euskadi Europa nazio bezala onartua izan dadin". Krisi egoeran, baina, "konfiantza eta segurtasuna" behar direla erantzun diote Garridok eta Maneirok, eta independentziarekin Euskadi Europatik kanpo geldituko dela ohartarazi diote. Hari-mutur horri helduta, "EAJk Euskadi Kroazia izatea" nahi ote duen galdetu dio Garridok Urkulluri.

Autogobernuaren defentsa irmoa egin du, bestalde, Idoia Mendiak: "Autogobernua Espainiaren barruan eta Europan. Horretarako, Lurralde Historikoen Legea erreformatu eta Udalen Legea behar dugu" nabarmendu du.

Mintegik azpimarratu duenez, "Euskal Herria ez da onartu behar nazio moduan; nazio izan bagara, Estatu moduan onartu behar gaituzte. Legebiltzarrera eraman nahi dugu erabakitzeko eskubidea, denon artean akordioak lortu behar ditugu".

Bakegintza

Urtebete da ETAk indarkeria behin betiko amaitutzat eman zuela, eta hemendik aurrera eman beharreko urratzez mintzatu dira hautagaiak.Bakea lau zutabe oinarri hartuta eraiki behar da, EAJren lehendakarigaiaren arabera: "Oroimena, biktimei zor zaien errespetua, ETAren desagerpena eta espetxeetako politika berri bat".

Hurrengo Legebiltzarrean elkarbizitzarako akordio bat lortzeko alderdiek elkarrizketarako gunea jarri beharko dutela azpimarratu du Urkulluk. Akordioaren alde agertu da Laura Mintegi ere: "Herri honek asko sufritu du, sufritzen ari da eta ez bagara gai kontaketa bakarra egiteko, egin dezala norberak bere kontaketa eta bestearena errespeta dezagun", esan du.

Gaur egungo egoerara iristeko, Aieteko konferentziaren inguruan egindako lana nabarmendu dute Urkulluk zein Mintegik, bakoitzak bere nabardurak egin baditu ere. Hain justu, Aieteko Konferentziak ezarritako urratsak aipatu ditu Mintegik, eta ETAk indarkeriari azkena emanda, orain bigarren urratsa (Espainia eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioez hitz egiteko elkarrizketak abiatzea eskatzen zaie) betetzeko unea dela esan du.

ETA oraindik bizirik dagoela nabarmendu dute, berriz, Mendiak (PSE), Garridok (PP), Maneirok (UPyD) eta Gonzalok (EB-Berdeak). Bakerako oinarriak biktimen oroimena eta elkarbizitza izan behar direla gaineratu dute hautagaiok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea