Albisteak -

Hauteslekuetako inkesta

EAJ (26) eta EH Bildu (25), parez pare

Bestalde, Ipsos enpresak EITBrentzat egindako inkestaren arabera, PSE-EEk 14 eta PPk 10 ordezkari lortuko dituzte Legebiltzarrean; zalantzan dagoen eserleku bakarra, UPyD eta Ezker Anitzaren artean.

EAJ (26) eta EH Bildu (25), parez pare. Irudia: EITB
EAJ (26) eta EH Bildu (25), parez pare
Ipsos enpresak EITBrentzat egindako inkestaren emaitzak

00:56

Iker Gonzalez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tarte estua izango da EAJren eta EH Bilduren artean 2012 euskal hauteskundeen emaitzetan, Ipsos enpresak  EITBrentzat egindako inkestaren arabera. Hain zuzen, EAJk 26 (24-27) eta EH Bilduk 25 (23-26) eserleku lortuko dituzte. 2009an, 30 lortu zituen EAJk eta EH Bildu ez zen hauteskundeetara aurkeztu.

EAJ izango da, hortaz, alderdirik bozkatuena 24-27 eslerleku lortuta. EH Bildu, halaber, indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean, bigarren alderdirik bozkatuena izango baita, beti ere Ipsosek EITBrentzat egindako inkestaren arabera.

Bestalde, PSE-EEk Legebiltzarreko hirugarren indar politikoa izango da, 13-15 ordezkarirekin (25 aurreko hauteskundeetan), eta PPk (9-11) laugarrena, 10 legebiltzarkiderekin, hiru eserleku inguruko ezberdintasunarekin, 2009 hauteskundeekin alderatuta.

Aipatutako inkestan agertzen denez, UPyDk eta Ezker Anitzak eserleku bat lortzeko aukera izango dute, inkestak 0-1 eserleku ematen baitie.

Lurraldeka

Bizkaia: EAJk irabaziko du Bizkaian bozen % 36,9 eta 10-11 ordezkari lortuta; bigarrena EH Bildu koalizoa izango da, bozen % 25,2 eta 6-7 legebiltzarkiderekin.

PSE-EEk bozen % 17,1 irabaziko ditu (4-5) eta PPk (2-3). Ezker Anitzak zalantzan dauka lurralde bizkaitarreko azken eserlekua.

Gipuzkoa: Gipuzkoan, EH Bildu izango da alderdirik bozkatuena, eta 10-11 ordezkari egokituko zaizkio. EAJk gertutik jarraituko dio, 8-9rekin.

PSE-EEk 4-5 legebiltzarkide izango ditu, Ipsosen inkestan azaltzen denez. PPk 2 lortuko ditu eta baliteke Ezker Anitzak eserleku bat lortzea.

Araba: EAJ Araban ere izango da garaile, 7-8 legebiltzarkide eman dizkiete herritarrek. Arabarrek 6-7 eserleku emango dizkiete EH Bilduri eta 5-6 PPri.

Azkenik, PSE-EEk 5-6 ordezkari izango ditu; Ezker Anitzak eta UPyDk, Legebiltzarrean orotara bezala, eserleku bat daukate dantzan.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea