EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskunde osteko bilerak
Maneiro: 'UPyDk ez du EH Bildurekin hitz egingo, ezta negoziatuko ere'
Legebiltzarkideak azaldu duenez, ez dute EH Bilduren bilera-sortan parte hartzeko gonbidapenik jaso, baina jasotzen badute ere, ez dute onartuko.
Erredakzioa
Gorka Maneiro legebiltzarkideak gaur goizean jakinarazi duenez, UPyDk ez du EH Bildurekin hitz egingo, ezta negoziatuko ere, legegintzaldi osoan.
Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak iragarri zuenaren arabera, EH Bildu alderdi politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin bilduko da datozen egunotan. Gorka Maneiroren hitzetan, UPyDk ez du bilera horietan parte hartzeko gonbidapenik jaso, baina jasoz gero, ez dute onartuko.
"Koherentzia" eta "printzipioak" aipatu ditu Gorka Maneirok koalizioarekin ez elkartzeko arrazoi gisa. UPyDko legebiltzarkidearen esanetan, bere alderdiak ez du inolako ekimenik aurkeztuko koalizioarekin, ezta zuzenketarik sinatuko ere.
UPyDk ez du harreman normalik izango koalizioarekin, Gorka Maneiroren hitzetan, ETA gaitzetsi ez duelako eta betiko desager dadila eskatu ez diolako.
Legebiltzarkide akta hartu duen lehena izan da Gorka Maneiro, eta Eusko Legebiltzarra lehenbailehen osa dadila eskatu du, "ekain amaieratik ia geldirik baitago".