Albisteak -

Dokumentazioa

Europako politikarientzako gida, sare sozialak erabiltzeko

Eurodiputatuek herritarrentzako arrotza den Europako Parlamentuko errealitatea hurbilarazteko balia ditzakete sare sozialak.

Europako Parlamentuaren mapa Twitterren
Europako Parlamentuaren mapa Twitterren
Europako Parlamentuaren mapa Twitterren

Lontzo Sainz / @lontzo

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare sozialek eta erabiltzaileek heldutasuna lortu duten aroan egingo dira 2014ko Europako Hauteskundeak. Horren adierazgarri dira, besteak beste, Facebookek 10 urte bete dituela edo Europar Batasuneko herritarren erdiak sare sozialetan duten ohiturak eta erabilerak zehaztuta daudela.

Alabaina, hauteskunde horietan abstentzioa % 60 baino handiagoa izan daitekeela espero da, eta hautagaiak errealitate horren jabe dira. Hautagai gehienek Twitter edo Facebook kontuak dituzte, batzuek besteek baino gehiago edo gutxiago, hobeto ala txarrago, erabili arren.

Gauzak horrela, politikariei zuzendutako gida bat osatu dugu, iturri ezberdinetatik jasotako aholku nagusiak bilduta. Nolanahi ere, hiru gako argi izatea ezinbestekoa da: batetik, zintzotasuna eta eraginkortasuna direla politikari bati exijitzen zaizkion baloreak; bestetik, sare sozialak hitzegiteko, entzuteko eta konpartitzeko erabili behar direla; eta azkenik, botoak eskuratzeko desesperazioak bultzatuta sare sozialak erabiltzea akatsa dela. Unamuno parafraseatuz: Hauteskundeetan eskuratzen ez dena, Facebookek ez du ematen.

Gomendioak eta datuak

Elizabeth Linder Facebookeko Politika eta Gobernu aditua da Europan, Ekialde Hurbilean eta Afrikan. Politikariei zuzendutako aholkuen artean, ondokoa nabarmendu zuen guztien gainetik: "Benetakoak izan behar dira. Pertsonen aurrean diren modukoak izan behar dira sare sozialetan ere. Herritarrek egiten dizkieten galderak erantzun behar dituzte, eurek ere galderak egin behar dituzte, eta horrela konfiantza sortzea lortuko dute".

Laburbilduz, bost gomendio hauek aipatzen ditu: Hasi azkar, zure edukia zure estilora egokitu, orrialdean zuri buruz publikatutako informazioa errepasatu, baliogarria izan eta edukiak sortzera animatu jendea. Sare sozialak ondo erabiltzen dituzten Europako politikarien artean Martin Schulz, Herman Van Rompuy eta Angela Merkel aipatzen ditu.

Politikariak sare sozialak erabiltzera animatzeko datuak ere ematen ditu Linderrek: "Facebook egunean zenbait aldiz erabiltzen duen herritar bat mitin edo bilera politiko batera joateko aukera 2,5 puntutan hazten da eta botoa nori eman konbentzitzeko aukera % 57ra igotzen da.

2011n, Zeelanda Berriko hauteskunde orokorretan, hautagai bakoitzak % 1,4ko boto hazkundea lortu zuen, Facebooken 1.000 fan gehiago pilatzen zituen bakoitzeko.

Boterea, sarearen lanketa eta kexak kudeatzea

Sare sozialen erabilerarekin lotuta, komunitate aktibo bat sortzea eta kexak kudeatzen jakitea ere ezinbestekoa da.

Lehendabizi, politikariek eta community managerrek argi izan behar dute super botererik ez dagoela. Post horretan, besteak beste, ondokoa esaten da: "Internetek zenbait ahalmen eman dizkigu: nonahikotasuna, plataforma ezberdinetan aldi berean modu interaktiboan konektatua egoteko aukera (...). Baina planifikazio falta eta iraunkortasun eza kaltegarri dira (...). Sare sozialek ez dute super botererik eskaintzen; sare sozialak gure ekintzen eraginkortasuna handitzea ahalbidetzen dute plataforma baino ez dira".

Sare sozial aktibo bat lortzeko bidean, oinarrizko bost aholku: Erabilgarria izan; elkarrizketaren parte izan; Soziala izan, hots, harremanak sortu; esaten dizutena konpartitu: zure komunitateari buruz hitz egin; eskuzabala izan: zure komunitatearengandik ez duzu ematen diozuna baino gehiago jasoko. Mark Smiciklasek Chris Broganen postean oinarrituta egindako infografia duzue behekoa:

 

Gida osatzeko, hona hemen Erasmo Lopezek kexak kudeatzeko aipatzen dituen zortzi aholkuak: Kexaren oihartzuna neurtu; azkartasunez jokatu; informazio argia eman, nahasmenak saihestuz; akatsak umiltasunez aitortu; eztabaidak luze joko badu, publikoak ez diren kanalak (emaila, Facebooken txata, Twitterren mezu zuzenak...) erabili; zuri hobetzen laguntzeko aukera eskaini herritarrari; gaien jarraipena egin; egindako guztia dokumentatuta izan.

Europako politikariei zuzendutako gomendio hauek, Europar Batasunak duela gutxi publikatu zuen Twitterren mapa interaktiboarekin osa daitezke. Aipatzekoa da Europar Batasuna dela sare sozialak gehien eta egokiago erabiltzen duen erakundeetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea