Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Ontziolen sektorean 'esku hartzeko' eskatu dio PSEk Jaurlaritzari

Sozialistek positibotzat jo dute La Navalek lortutako kontratua, baina lanpostuak mantentzeko "nahikoa" ez dela ohartarazi dute.

Jose Antonio Pastor eta Eider Gardiazabal, Sestaoko La Navalen. EiTB
Jose Antonio Pastor eta Eider Gardiazabal, Sestaoko La Navalen. EiTB
Jose Antonio Pastor eta Eider Gardiazabal, Sestaoko La Navalen. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Naval ontziolak lortutako kontratua "albiste ona" dela uste du PSE-EEk, baina lanpostu guztiak mantentzeko "nahikoa" ez dela eta enplegu erregulazio txostenen gatazka konpontzen ez duela ohartarazi du. Hori dela eta, "esku hartzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, ezin baita "ikusle hutsa" izan.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea eta Eider Gadiazabal Europako hauteskundeetarako hautagaia La Navaleko enpresa batzordearekin bildu dira ostiral honetan. Horien esanetan, langileen ordezkariek kezka agertu diete, 'tax lease' sistemaren auziak kontratu gehiago lortzea galarazten duela uste baitute.

Sozialistek azaldu dutenez, Sestaoko herritarrei prestakuntza lanak eskaintzea eskatuko diote alkateari, etorkizunean ontziolan lan egin ahal izateko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari sektorearekin konpromisoa hartzeko deia egingo diotela nabarmendu dute. Era berean, 'tax lease' auziari "konponbidea" emateko eskatuko diote Espainiako Gobernuari.

"Enpresa batzordetik jakinarazi digutenez, 'tax lease' auzia konpondu ez izanak ontzi handiak egiteko kontratuak lortzea galarazten du", esan du Gardiazabalek.

Rubalcabak "eskuin muturra geldiaraztea" eskatu du

Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia Segovian (Gaztela-Mantxa) izan da, eta sozialistei babesa emateko deia egin du. Izan ere, "Europa aldatu egiten bada, Espainia krisitik aterako da".

Rubalcabak "eskuin muturra geldiaraztea" eskatu du, eta langabeziaren eta murrizketen ordez, hazkundearen eta enpleguaren alde egitea babestu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista