Albisteak -

Azken ekitaldiak

Europako hauteskundeen kanpaina itxi dute alderdiek

Azken boto eskaerak egin dituzte hautagaiek, hausnarketa eguna abiatu baino lehen. Gehienek Bilbo aukeratu dute kanpaina ixteko.

Hauteskunde kanpaina hausnartzeko unea hasi da

4:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako hauteskundeen kanpaina itxi dute alderdiek. Larunbat honetan, 00:00etan, hasi da hausnarketa eguna, baina, horri ekin aurretik, azken boto eskariak egin dituzte hautagaiek. Gehienek Bilbo aukeratu dute kanpaina ixteko.

EAJ

Iñigo Urkullu lehendakariak Europako hauteskundeetan"euskal nazioak Europan aintzatespen osoa izateko bidea" abiatzeko deia egin du.

EAJk Bilbon eman dio amaiera hauteskunde kanpainari, eta, bertan, Andoni Ortuzar presidentea eta Izaskun Bilbao hautagaia ere izan dira.

Gobernuburuak Izaskun Bilbaoren alde bozkatzea eskatu du, "Europako euskal nazioa elkarrekin eraikitzeko". Era berean, EAJren programa betetzea eskatu dio hautagaiari: "more basque way". Bestalde, Andoni Ortuzarren esanetan, Sestaoko alkateak esandakoa "akats larria" izan da, baina auzia "manipulatuta" dagoela eta dena EAJ "indartsu" izatea galarazteko "konplot" bat izan dela salatu du.

PSE-EE

Ramon Jauregui PSOEren Europako hauteskundeetarako zerrendako bigarrenaren esanetan, Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak, "eskuin faxista, klasista eta matxista honek", "ez du saririk merezi igandean".

Sozialistek Gasteizen eman diote amaiera hauteskunde kanpainari, eta, bertan, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia ere izan da. Jaureguik salatu duenez, "eskuin zaharra ez da gauza modernitatera moldatzeko", "Gotzainen Biltzarrera lotuta dago".

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak haserre daudenak "sozialisten haserrearekin bat egitea" eskatu du, egoera hau aldatzeko "gehiengo bat" sortzeko.

PP

Carlos Iturgaiz PPren Europako hauteskundeetarako hautagaiak bere alderdiaren alde bozkatzeko deia egin du,"gure nazioa, Espainia, suntsitu nahi duten eta euskal herritarrak Europatik atera nahi gaituzten nazionalismoak geldiarazteko".

EAEko PPk Bilboko Itsas Museoan egin du hauteskunde kanpainako amaiera ekitaldia, eta, bertan, besteak beste, Arantza Quiroga presidentea, Nerea Llanos idazkari nagusia, Zoe Nubla hautagaia eta Alfonso Alonso, Borja Semper eta Anton Damborenea Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko arduradunak ere izan dira.

Bestalde, Arantza Quirogak autodeterminazio eskubidea errefusatu du, eta "gure etorkizuna" hori baino, "batasuna eta Europa" direla nabarmendu du.

EH Bildu

Josu Juaristi EH Bilduren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak bere koalizioaren aldeko botoa ematea eskatu du, "gure eskubideak defendatzeko erreminta bakarra"baita.

EH Bildu-Herriek Erabaki koalizioak Bilboko Plaza Barrian egin du hauteskunde kanpainaren amaiera ekitaldia, eta, bertan, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak ere hartu du parte.

Ekitaldian, "pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzen duen" eredu baten alde egin du Juaristik. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak "Euskal Herrian aldaketa gertuago izan dadin"eskatu du EH Bilduren aldeko botoa.

Ezker Anitza-Iratzarri

Ezker Anitza-Iratzarrik "Europar Batasunak oinarrietan dituen arazoei aurre egingo dien alderdi ezkertiar bakarra" dela aldarrikatu du.

Koalizio ezkertiarrak Bilbon ospatu du Europako hauteskundeetako kanpainaren amaiera, eta "duintasunaren eta itxaropenaren boto bihurria" eskatu du. "Igande honetako arrisku nagusia egoera honetara ekarri gaituztenak babesten jarraitzea da", ohartarazi dute hautagaiek.

Iñigo Martinez hautagaiak kritikatu egin ditu Europako Batzordeak gobernatu duten talde liberalak, popularrak eta sozialdemokratak, eta "genozidio ekonomikoa" egitea egotzi die.

Leire Martinezen esanetan, euren kanpaina "ekologista eta gazteen, langileen, emakumeen, euskararen, sexu aniztasunaren eta gai publikoetan erabakitzeko eskubidearen aldekoa" izan da. Gainera, iganderako Sestaoko alkateak dimisioa eman ez badu, EAJren alde ez bozkatzea eskatu die militante jeltzaleei.

UPyD

UPyDk Europako hauteskundeetan "alderdi-bitasun ustelaren" eta "nazionalismo erreakzionarioaren" aurka bozkatzeko deia egin du.

Alderdi magentak Bilbon eman dio amaiera hauteskunde kanpainari, prentsaurreko batekin. Horretan, Gorka Maneiro legebiltzarkideak eta Fernando Maura, Manu Aguirre eta Pedro Ortun hautagaiek hartu dute parte.

Maneirok bozkatzera joatea eskatu du, eta hauteskundeetan "alderdi-bitasun ustelaren" eta "nazionalismo erreakzionarioaren" aurrean, UPyD "alternatiba bakarra" dela adierazi du. Halaber, Europa "herritarrei hurbiltzearen alde" egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea