Albisteak -

Europako hauteskundeak

Parte-hartzea igo egin da EAEn eta Nafarroan, eta jaitsi Iparraldean

Parte-hartzea % 34,29koa eta % 34,78koa zen 18:00etan EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Pirinio Atlantikoetan, berriz, 17:00etarako boto-emaileen % 37,55ek eman dute botoa.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eta Nafarroako hauteslekuak arratsaldeko zortzietan itxi dituzte, eta bi ordu lehenago, 18:00etan, Iparraldean. Oro har, normaltasuna izan da nagusi eta ez da nabarmendu beharreko gertaerarik izan.

Gaur Europako Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko eguna izan da, eta Euskal Herrian bi milioi eta erdi herritarrek zuten boza emateko eskubidea.

EAEko hautesle-erroldaren % 34,29k eman du botoa EAEn 18:00etarako, eta parte-hartzea 2009ko hauteskundeetan baino 2,35 puntu handiagoa zen ordu horretan, Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Nafarroan % 34,78k parte hartu du bozketan ordu horretarako, 2009ko hauteskundeetan baino 1,7 puntu handiagokoa. Pirinio Atlantikoetan parte-hartzea % 37,55koa zen 17:00etan, duela bost urte baino 1,41 puntu txikiagoa (% 38,96).

18:00etan, Bizkaian, % 35,57koa zen parte-hartzea (2009an, % 33,37koa), Gipuzkoan % 33,16koa (2009an, % 30,85ekoa), eta Araban % 32,08koa (2009an, % 29koa).

2009an, 409.619 pertsona joan ziren botoa ematera EAEn, botoa emateko eskubidea zuten guztien % 42,96, eta abstentzioa % 57,04koa izan zen (543.801 pertsona). Halaber, 1.591 boto baliogabe eta 2.876 boto zuri izan ziren. Nafarroan parte-hartzea % 24,39koa izan zen.

EAEn eta Nafarroan hauteslekuak 09:00etan ireki eta 20:00etan itxi dituzte. Iparraldean, berriz, 08:00etan ireki eta 18:00etan itxi dituzte, nahiz eta hiri handietan pare bat ordu gehiagoz irekita egon diren.

Hauteskunde egun honetan normaltasuna da nagusi eta EAEko 2.251 hauteskunde-mahaiak arazorik gabe eratu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Donostiako eta Gazteluko (Gipuzkoa) bi hauteslekutako ateak silikonaz eta kolaz agertu dira goizean; horren ondorioz, apur bat beranduago ireki dituzte. Hauteskunde-mahaiak, dena den, normaltasunez osatu dituzte.

Lehen emaitza ofizialak 23:00etatik aurrera ezagutuko dira, Italian hauteslekuak ixten dituztenean.

Espainiako datuak

18:00etan parte-hartzea % 34,08koa zen Espainiako Estatuan, 2009ko hauteskundeetan baino pixka bat altuagoa (2009an, % 33,79koa), Carmen Martinez Castro Estatuko Komunikazio idazkariak emandako datuen arabera.

Autonomia erkidegoetako datuak banan-banan aztertuta, Katalunian nabarmen igo da parte-hartzea: 9 puntu (2009an % 26,77koa izan zen eta 2014an % 35,40koa izan da). Katalunian ez ezik, EAEn eta Nafarroan ere gora egin du datu horrek.

Parte-hartzea igo egin da Europako hainbat tokitan

Parte-hartzeari buruzko datuak eman dituzten Europako herrialdeei erreparatuta, oro har, parte hartzea 2009koa baino handiagoa da.

Parte-hartzea igo egin da Europar Batasuneko 28 herrialdeetatik bederatzitan gutxienez, Europako Parlamentuak emandako datuen arabera. Duela bost urteko hauteskundeetan parte hartzeko inoizko baxuena izan zen; % 43koa hain zuzen ere.

Europar Batasuneko parte-hartzeari buruzko lehen datu ofiziala 21:00etan ezagutuko da, baina % 40ren bueltan geldituko da, lehen galdeketen arabera.

Alemanian, Lituanian, Errumanian, Frantzian, Polonian, Eslovakian, Portugalen, Bulgarian eta Herbehereetan parte-hartzea igo egin da. Eslovakian zazpi puntu egin du gora parte-hartzeak, Alemanian 5 puntu inguru, Lituanian 2,4 eta Errumanian. Herbehereetan ostegunean bozkatu zuten eta parte-hartzea % 37koa izan zen, 2009ko hauteskundeetan baino 0,2 puntu altuagoa.

Lehenengo galdeketen arabera, Alemanian parte-hartzea ia 5 puntu igo da (% 48). Frantzian parte-hartzea % 35,07koa zen 17:00etan, 2009an baino ia bi puntu altuagoa. Portugalen, 16:00etarako % 26,31k eman dute boza, 2009an ordu berean baino pixka bat gutxiago (% 26,80). Italian, berriz, parte-hartzea altuagoa zen; hain zuzen ere, % 38,04koa.

Danimarkan hautesleen % 20,4 eman dute botoa eta Hungarian, % 11,5k eguerdirako. Austrian, Eslovenian, Polonian, eta Kroazian parte hartzea % 10aren azpitik zegoen, % 7,9, % 8,3, % 7,31 eta % 7,6 hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea