Europakoak 2024 -

Murrizketak

Aguirreren iritziz, PSOEk Vallsek egindakoaz ikasi beharko luke

50.000 milioi euroko murrizketa egin nahi du Vallsek Frantziako gastu publikoan, eta pentsioak edota funtzionarioen soldatak izoztea erabaki du horretarako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak adierazi du “laztasunaren eta zorroztasunaren” inguruan “asmo onez” jokatzeak “denon porrota lortzeko ibilbide seguruena” dela. Elena Valenciano PSOEko hautagaiari zuzendu zaio Aguirre, bere blogean idatzitako azken iruzkinean.

‘Valls eta Valenciano’ izenburupean, Esperanza Aguirrek Manuel Valls sozialistak iragarritako azken neurri ekonomikoak izan ditu hizpide. 50.000 milioi euro murriztu nahi ditu Vallsek Frantziako gastu publikoan, eta horretarako, besteak beste, pentsioak edota funtzionarioen soldatak izoztea erabaki du.

Aguirreren iritziz, Vallsen neurriak “Frantziako politika eta ekonomia arloan lurrikara erraldoia” izan dira. Estatuak egiten duen gastua “murriztu” egingo duela iragarri ondoren, Elena Valenciano Parisera joan zen, Europako hauteskundeei begira bertako sozialistek antolatutako ekitaldian parte hartzera.

“Bertan, Valencianok gogor kritikatu zuen berak laztasunaren tirania deitu zuena. Antza, sozialistak ez zituen aurreko egunean Frantziako lehen ministroak egindako adierazpenak irakurri”, adierazi du. “Bere ikuslegoaren aurrean, Valls zuzentzea erabaki zuen Valencianok”, gaineratu du Aguirrek.

“Zapatero ere bere egunean laztasunaren aurka agertu zen, asmo onez jokatzeak herritarrak porrotera eramateko bide zuzena zela ikusi zuen arte”, azaldu du.

“Beranduegi konturatu zen Zapatero, eta Espainia atzeraldiaren eta krisialdiaren putzuan utzi zuen”, deitoratu du. “Gure sozialistek Vallsek egindakoaz ikasi beharko lukete. Vallsek bai ulertu du gizarte bat aurrerakoia izateko Gobernuak zorroztasunez jokatu behar duela”, nabarmendu du Madrilgo PPko buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea