Ekonomia -

Murrizketak Frantzian

Frantziako Gobernuak pentsioak, soldatak eta prestazioak izoztu ditu

"Ezin dugu eskura daukaguna baino gehiago erabili" esanez justifikatu ditu murrizketak Manuel Valls lehen ministro frantziarrak.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa eta François Hollande presidentea. EFE
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa eta François Hollande presidentea.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa eta François Hollande presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Funtzionarioen soldatek gora egingo ez dutela eta pentsioak (baxuenak izan ezik) eta diru-laguntzak 2015. urteko urrira arte izoztu egingo direla iragarri du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak.

"Ezin dugu eskura daukaguna baino gehiago erabili", azpimarratu du Vallsek Ministroen Kontseiluan egindako adierazpenetan. Halaber, lehen ministroak gogora ekarri du gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 57 dela, eta zorra % 50etik % 90era pasa dela (2002tik 2012ko maiatzera).

Vallsek konfirmatu egin du 2015-2017 artean gastu publikoa 50.000 milioi euroan murrizteko plana, eta Frantziak defizita publikoari lotutako "helburuak" beteko dituela.

"Ez da Europak inposatutako ezer (...),  ezta burugogorkeriaren edo ortodoxiaren ondorioa ere; sinesgarritasunaren eta konfiantzaren oinarria dira, gure subiranotasunaren oinarria", adierazi du Vallesek murrizketen arrazoiak azaltzeko orduan.

Doitzea zehazteko orduan, Estatuko administraziok gastua 18.000 milioitan murriztuko duela iragarri du lehen ministro frantziarrak, eta horretarako ezinbestekoa da, bere iritziz, funtzionarioen soldata kalkulatzeko indizea izoztea.

Horretarako, funtzionarioen kopurua txikitu egingo dute departamentu guztietan, François Hollande presidenteak hauteskunde kanpainan aipatutako hiru lehentasunak gordeta: hezkuntza, segurtasuna eta justizia.

Lurraldeko administrazioen aurrekontua ere murriztu egingo da (eskualdeena, departamentuena eta udalerriena): 11.000 milioi euro gutxiago izango dituzte 2015 eta 2017 artean.

Osasun eta gizarte sistemetako murrizketak

Osasunean, murrizketa 10.000 milioi eurokoa izango da, baina "arretaren kalitateari kalterik egin gabe". Horretarako kirurgia anbulatorioa (ebakuntzaren egunean alta hartzea), medikamentu generikoak eta errezeten arrazionalizazioa bultzatuko dute.

Gizarte sisteman, 11.000 milioi euro aurreztea espero dute datozen hiru urteetan, eta hori dagoeneko erabakita dauden erreformei esker lortuko dute (erretiratzeko adina atzeratzea edo dirua daukatenei familientzako diru-laguntzak kentzea). Baina horiez aparte, bestelako neurriak ere hartuko dituzte: diru-laguntzen balioa ez handitzea, besteak beste.

Vallsek esan duenez, "laguntza sozialen balioa murriztea baztertuta dago, baina egungo testuinguru berezia kontuan izanda, haien balioa ez da egunean jarriko 2015eko urrira arte".

Izoztea pentsiodunei (2.000 milioi euroko aurreztea) eta bestelako laguntzak jasotzen dituztenei eragingo die (700 milioi).

Errekurtsorik gabeko pertsonak "eta pentsio baxuenak" murrizketetatik kanpo geratuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Frantzia albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Pentsioei buruzko albisteak Soldatak Frantziako Gobernua