Hauteskunde Orokorrak -
Hauteskunde orokorrak
Hautagai nagusien arteko eztabaida bakarra, gaur, telebistan
22:00etan abiatuko da eztabaida saioa, eta kanpaina joan den ostiralean abiatu zen arren, gaurko eztabaidak ezarriko duela "benetako" hasiera adierazi dute adituek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy (PP), Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Iglesias (Unidos Podemos) eta Albert Rivera (Ciudadanos) hauteskunde orokorretarako lau hautagai nagusien arteko eztabaida izango da gaur Espainiako telebista kateetan. Kanpainan egingo duten era honetako eztabaida bakarra izango da.
22:00etan abiatuko da eztabaida saioa, eta kanpaina joan den ostiralean abiatu zen arren, gaurko eztabaidak ezarriko duela "benetako" hasiera adierazi dute adituek.
Zutik egongo dira lau hautagaiak, ondorengo ordenan, ezkerretik eskuinera: Rajoy, Sanchez, Rivera eta Iglesias. Gaika zatituko da eztabaida, eta bakoitzari tarte jakin bat eskainiko diote: ekonomia eta enplegua, politika sozialak, erreforma instituzionalak eta berritze demokratikoa, atzerri politika eta hitzarmenak.
Bestalde, "urrezko minutua" deritzona ere izango dute hautagaiek, bakoitzak nahi duena esateko. Zozketan hala erabakita, Iglesias izango da hitza hartzen lehena, eta Sanchez azkena.
ATV Telebista Akademiak antolatu du saioa, TVE, Atresmedia eta Mediaset taldeen elkarlanarekin, eta hiru taldeotako kazetari banak gidatuko dute eztabaida: Ana Blancok, Vicente Vallesek eta Pedro Piquerasek.
Alderdi Popularrak jakitera eman duenez, Rajoyk "diskurtso eraikitzailea" eramango du eztabaidara, eta "hitzaldi positiboa" egitea da bere helburua. Aurkariei aurre egiteko, "argudio sendoekin" prestatuta dagoela ziurtatu dute popularrek.
PSOEren hitzetan, bestalde, "garrantzitsua" izango da gaurko eztabaida, kanpainako bakarra izango delako, baina ez da "erabakigarria" izango. Sanchezentzat formatu oso egokia dela gaurkoa nabarmendu dute sozialistek.
Unidos Podemosentzat ere, "garrantzitsua" izango da saioa, eta "zuhur" ekingo dio eztabaidari Iglesiasek. Argudio, proposamen eta informazio zehatza eramango duela eztabaidara esan du koalizioko buruak, aurkarien erasoei "patxadaz" erantzuteko.
Ildo beretik mintzatu da Rivera, Ciudadanoseko burua. Horren iritzian, Sanchez da gaurko saioan galtzeko gehien duena.
Rajoy, Sanchez, Iglesias eta Rivera zutik egongo dira, atril bana aurrean dutela; ezingo dute gailu elektronikorik erabili. Plato biribil batean grabatuko da saioa, eta ez da publikorik izango bertan.
Kongresuan egun duten ordezkaritza txikienetik handienerako ordenan iritsiko dira Kongresuen Jauregira; Rivera, Iglesias, Sanchez eta Rajoy. Atera, berriz, handienetik txikienera.
Telebista Akademiak eskainiko duen seinalea La 1, Antena 3, La Sexta, Telecinco, Forta (Aragoi, Andaluzia, Madril, Gaztela Mantxa eta Murtzia ) eta 13 TV telebista kateek emango dute. Nazioarteko hainbat hedabidek ere eskainiko dute eztabaida.