Hauteskunde Orokorrak -

KANPAINAREN SEIGARREN EGUNA

PSE-EE: 'Sanchez segurtasunaren bermea da, Rajoyren kaosaren aurrean'

Elkarrekin Ahal Duguk eta EH Bilduk Pasaiako lonjaren inguruko azalpenak eskatu dituzte. EAJk euskaldunen interesak bermatuko dituela esan du, eta PPk erakundeen arteko lankidetzaren alde egin du.

Patxi Lopez, gaur, Bilbon. EFE.
Patxi Lopezek, PSE-EE, gogor kritikatu du Rajoy politika sozialengatik

0:39

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Ahal Dugu

Nagua Alba Elkarrekin Ahal Duguren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak salatu duenez, "hiru ustelkeria kasuk" lotura zuzena dute EAJk Zapateroren gobernuarekin aurrekontuak onartzeko itxitako akordioekin; Hiriko, Epsilon eta Pasaiako lonja aferak aipatu ditu Albak. Pasaian gertatzen zena jakin zutenean ez salatzeagatik, EAJk azalpenak eman beharko dituela esan du.

Bilbon egin ditu adierazpenok, Etxebarria parkean egindako ekitaldi politikoan. Ahal Duguko zinegotziak izan ditu lagun ekitaldian, eta horien lana txalotu du. Eskerrak eman dizkie Gipuzkoako zerrendaburuak zinegotzi horiei, "horiekin hasi zelako aldaketa".

Azpiegituren inguruan, funtsezko inbertsioei lehentasuna emateko, Gobernura iristea ezinbestekoa dela esan du Albak, eta falta diren transferentziak Euskadira ekartzeko konpromisoa hartu du.

EAJMikel Legarda eta Almudena Otaola EAJren Arabako hautagaiek ?Kongresurako  eta Senaturako hautagaiak, hurrenez hurren? "Espainiako anabasaren tranpan" ez erortzeko deia egin diete euskal boto-emaileei; Euskal Herriaren interesak defendatuko dituztenen eta ez dituztenen artean hautua egiteko esan dute Paganosen (Arabako Errioxa) egin duten ekitaldi politikoan.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordeak ere hartu du parte kanpaina ekitaldian. EAJko hautagaiek nekazaritzatik bizi direnen alde egin dute, eta azken hamarkadetan landa eremuek bizi duten  beheranzko joerarekin kezkatuta agertu dira.

Mahastien alorrean, Europako hainbat tokitan egiten ari diren moduan, "tokiko erakundeen esku hartze zuzenagoa" aldarrikatu du EAJk, Madrilgo bitartekaritzarik gabe. Kudeaketa mahastiak dituztenekin eta ardo ekoizleekin zuzenean antolatuta egitea eskatu dute jeltzaleek, eta horretarako, besteak beste, ardoaren legea bultzatuko dutela iragarri dute.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak astelehenean telebistaz emandako hauteskunde debatea gogor kritikatu du, Mariano Rajoyk, Pedro Sanchezek, Pablo Iglesiasek eta Albert Riverak ikuskizun deitoragarria eskaini zutela esanez.

"Guztiek esan zuten gezurra. Ez dute Euskadi buruan eta, ondorioz, ez dute erantzunik euskal herritarron arazoen aurrean", nabarmendu du. Gainera, hauteskunde kanpaina ?zikina? izaten ari dela erantsi du.

"Nazkatuta nago horrenbeste manipulazioaz eta politika artifizialaz. Ze demokrazia da hau lau soilik badute eztabaidatzeko eskubidea?", galdetu du. Era berean, Ortuzarrek azpimarratu du EAJk kalean egiten duela lana, "telebistetako platoetatik ibili beharrean".

Bestalde, Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak esan du bere alderdia erabakigarria izango dela hauteskundeen ostean eta PPk, POSEk, Podemosek eta Ciudadanosek Euskadiren interesak defendatzen ez dituztela ohartarazi du.

EH Bildu

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere, Pasaiako lonjaren afera izan du hizpide. Horren hitzetan, atzemandako ustezko irregulartasunek agerian utzi dute "batzuk sobreekin" geratzen direla, eta beste batzuk "kostuekin".

Adunan egin ditu adierazpenok Beitialarrangoitiak, ArcelorMittal (Zumarraga, Olaberria eta Bergara), Unipapel eta Ingemar lantegietako enpresa batzordeetako ordezkariekin bildu ondoren. "Beraiek dira aberastasuna sortzen dutenak, baina, tamalez, aberastasuna beste batzuek eramaten dute", esan du.

Aitzol Cajaraville ArcelorMittal Zumarragako langileen LABeko ordezkari eta EH Bilduren Kongresurako Gipuzkoako zerrendako hirugarrenak erakundeen jarrera kritikatu du. "Ez dute ezer egiten langileon eskubideen alde", nabarmendu du. Euskal industriak larrialdi plana behar duela gaineratu du EH Bilduk.

Oskar Matute Kongresurako EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak esan du lau alderdi espainiarrek euskal gizartearen lehentasunak alboratzen dituztela, "erabakitzeko eskubidea ukatzeko eta Espainiako Konstituzioa inposatzeko soilik gogoratzen direlako gutaz".

"Madrilera goaz gure arazo propioak ditugula esateko eta gure soluzio propioak aukeratzeko ahalmena dugula esateko", azpimarratu du Bilboko Areatzan egindako ekitaldian.

"Madrilera goaz enplegua sortzeko eta gure industriari eta gure ekonomiari bultzada emateko beharrezko den lan harremanetarako marko propio bat borrokatzeko", erantsi du.

Matutek salatu du Madrilen gobernatzen dutenak "enpleguaren suntsiketan, murrizketetan eta diru publikoa xahutzen munduko txapeldunak" direla.

PSE-EE

Patxi Lopez PSE-EEren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Bilbon, PSE-EEk Txurdinaga auzoan duen egoitzan, hitz egin du, kanpaina ekitaldi batean. Horren hitzetan, Pedro Sanchezek "segurtasuna" eskaintzen du, Mariano Rajoyren "kaosaren aurrean" eta "herrialdea amildegira eraman nahi duten abenturazaleen aurrean". "Eskuineko politikak atzean utziko dituen gobernua behar du Espainiak, baina, aldi berean, oinak lurrean izango dituena", esan du Lopezek.

Lopezek hautagaien arteko herenegungo eztabaida ere izan du hizpide. Horren hitzetan, "Sanchezek apurtu egin zuen eztabaidan Rajoyk eta Iglesiasek PSOEri egin nahi zioten pintza". Eskuinaren politikei aurre egiteko, Gobernu fidagarria behar dela nabarmendu du.

Patxi Lopez Kongresurako PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak boto bakoitzaren balioa azpimarratu du Portugaleten arratsaldean egindako ekitaldi politikoan.

"Boto sozialista bakoitzak aurrera egiteko, gehitzeko eta eraikitzeko"? balio duela adierazi du eta herritarrei "propagandaren eta ikuskizunaren" engainuan ez erortzeko eskatu die.

"Rajoy geldiaraziko dugu. Espainiak aldaketarako gobernua behar du, gobernu fidagarria eta egonkorra, eta hori Alderdi Sozialistak eta Pedro Sanchezek eskaintzen dute. Ez dago beste aukerarik", nabarmendu du.

Horrez gain, Patxi Lopezek esan du "garai zailak" direla, "jende askori etorkizuna lapurtu dietelako, gazteak etorkizunik gabe geratu direlako, familiei ongizatea kendu zaielako eta aitona-amonek bere seme-alabei eta ilobei lagundu behar dietelako pentsioak erabilita".

PP

Leopoldo Barreda Euskadiko PPren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Bilbao Ria 2000 sozietatearen jarduna txalotu du. Buruzagi popularraren iritzian, erakunde hori erakundeen arteko lankidetzaren adibide garbia da. "Espainiako Gobernuak, bereziki Mariano Rajoyren exekutiboak, Euskadirekiko duen inplikazioaren ikurra da Bilbao Ria 2000", esan du Barredak,  popularrek Bilbon egin duten ekitaldian.

Hautagai popularraren arabera, "denen artean egindako ahaleginari esker, proiektu asko aurrera atera dira", eta hori da PPk defendatzen duena, "kontrakoa egiten duten beste aukera batzuen aurrean". "Gobernu moderatua eta eskarmentu handikoa" eskaintzen du Alderdi Popularrak, Barredaren iritzian.

Euskal Komunistak-PCPE

Euskal Komunistak-PCPE alderdiak langileen ahotsa eta haien eskubideen defentsa eraman nahi du Kongresura. Kapitalismoari aurre egin eta Europar Batasunetik eta eurotik ateratzea proposatzen du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi