Hauteskunde Orokorrak -

Ekitaldia Gasteizen

'Faxista guztiei gaua zapuzteko' deia egin du EH Bilduk

Arnaldo Otegi idazkari orokorrak koalizioak erabakigarria izatea nahi duela esan du, Ruiz de Pinedo (Araba), Matute (Bizkaia) eta Aizpurua (Gipuzkoa) zerrendaburuekin egindako ekitaldian.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko zerrendaburuekin, Gasteizen / Argazkia: EFE.
Arnaldo Otegi, EH Bilduko zerrendaburuekin, Gasteizen.
EH Bilduren kanpaina hasierako ekitaldia, Gasteizen

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko idazkari orokor Arnaldo Otegik "Espainiar estatuko faxista guztiei gaua zapuztera" deitu ditu herritarrak apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainari hasiera ofiziala emateko ekitaldian parte hartu du Otegik, Gasteizen, koalizioaren zerrendaburuekin batera: Iñaki Ruiz de Pinedo (Araba), Oskar Matute (Bizkaia) eta Mertxe Aizpurua (Gipuzkoa).

Koalizio abertzaleko buruzagiak ohartarazi duenez, hauteskunde hauetan "jokoan daude baloreak", "eskuin muturra kontraerasoan" dagoelako, feminismoaren aurrean misoginia "inposatzeko", autodeterminazioaren aurrean 155. artikulua, berdintasunaren aurrean esplotazioa, eta herrien eskubideen aurrean inposizioa.

Otegiren arabera, horiek dira PPk, Ciudadanosek eta Voxek "komunean dituzten" baloreak, "zezenketez eta ehizaz gain", eta EH Bildu denbora guztian "beren ahotan egoteak bide onetik goazela esan nahi du".

Aurreratu duenez, EH Bilduk erabakigarria izan nahi du Espainiako Gorteetan, nahiz eta botoak ez dituzten "oparituko". Argitu duenez, hala ere, eskuina "doan" kanporatuko lukete, 2015ean Gasteizko Udalean egin zuten bezala. EH Bilduk EAJren hautagaiaren alde egin zuen Javier Maroto (PP) berriz alkatea izan ez zedin.

Azaldu duenez, "gure botoak gauza askotan izango dira erabilgarriak", eta agendan hiru gai jartzeko erabiliko ditugu: autodeterminazioa, presoak eta gizarte politikak.

Erabakigarriak izaten lortzeko beharrezkoa da "heldutasun nahikoarekin" jokatzea, eta eskuinaren "probokazioetan ez erortzea". Azpimarratu duenez, EH Bilduk "ez du irainen aurrean lokatzera joan behar", "eztabaida baloreetan zentratu" baizik.

Apirilaren 28an Euskal Herrian sortzen ari den "olatu berriari" bide emateko deia egin du Otegik. Olatu hori feminismoa, errepublikazaletasuna, independentismoa eta euskararen defentsa bezalako baloreetan dago oinarrituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Diputatuen Kongresua Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainia EH Bildu Hautagaiak Gasteiz Hauteskundeak