AEB-ko HAUTESKUNDEAK -
Profila
Paul Ryan: Romneyren eskuin eskua
Wisconsingoa Kongresuko kidea da, profil oso kontserbadorea du eta Mitt Romney errepublikanoak Presidenteordetzarako hautagai izendatu du.
Erredakzioa
Paul Ryanek 42 urte ditu eta Janesvillen jaio zen, Wisconsinen. Katolikoa da, ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Ryanek Ekonomia eta Zientzia Politikoak ikasi zituen Miami Unibertsitatean, Ohion. Mitt Romneyk Presidenteordetzarako hautagai izendatutako Kongresuko kide honek 28 urte zituela hasi zuen bere ibilbide politikoa.
2010eko urtarrilean, Paul Ryanek ospe handia lortu zuen "Amerikaren etorkizunerako bidaia-orria" aurkeztu zuenean. Proposamenak defizit federala desagerrarazteko, zerga sistema berritzeko eta hurrengo belaunaldien eskubideak babesteko neurri zorrotzak bildu zituen. Kongresuko gehiengo errepublikanoak Ryanek bultzatutako neurrien plana babestu zuen. Proposamen horien artean, familia behartsuentzako laguntzak murriztea, Obamak bultzatutako osasun-erreforma baliogabetzea eta Medicare programaren (agure eta erretirodunentzat sortutako gizarte-programa federala) pribatizazio partziala ezartzeko neurriak daude.
Paul Ryan Tea Party mugimendu eskuindarraren hautagai gustukoena da, Ryanek Romneyk berak baino ideologia kontserbadoreagoa baitu (Romney errepublikano moderatua da). Ryanek Irakeko gerraren alde bozkatu zuen, eta abortuaren, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren eta zelula amen inguruko ikerketaren kontra dago.
Paul Ryan Kongresuko errepublikanoen "lider ideologikoa" da, Obamaren esanetan. Mitt Romney nahiko aldenduta Washingtongo politikatik; ondorioz, Paul Ryan Presidentetzarako hautagai izango denaren eta Kongresuaren arteko lotura ere izango da. Ryanek Kongresuko kide bezala duen esperientzia handia eta Romneyk enpresari gisa duena elkarren osagarri izango dira.
Mitt Romneyren hitzetan, bere "senak, izaerak eta ikuspegiak" egin dute ospetsu Paul Ryan Washingtonen. Horren ahulezia nagusia, berriz, atzerri politikan esperientziarik ez izatea da.
Hautagai "sexia"?
Ryanek beste zeregin bat ere izango du jendearen aurrean: Romneyri leporatu dioten karisma falta konpentsatu beharko du. Estatubatuarren artean oraindik oso ezaguna ez bada ere, "Washingtongo gizon erakargarrienen zerrendetan" agertu da, jarraitzaile errepublikanoen begiko bihurtu da, eta kirolzale amorratua da. Noiz edo noiz, lagun batzuen entrenatzaile pertsonal bezala aritu da lanean.