AEB-ko Hauteskundeak -
Hauteskundeak
Obama, aldez aurretik bozkatu duen AEBetako lehenengo presidentea
Hauteskunde egunaren aurretik emandako botoek mesede egin zioten Obamari 2008ko hauteskundeetan.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidente eta azaroaren 6ko hauteskundeetarako hautagai demokratak aldez aurretik eman du botoa bere jaioterrian, Chicagon, eta hori egiten duen lehenengo AEBetako presidente bihurtu da.
Obamak kanpaina egin du goizean Floridan eta Virginian, eta gero Chicagora joan da arratsaldean. Han, Rahm Emanuel alkateak, Etxe Zuriko kabineteburu izandakoak, egin dio harrera.
Aireportutik helikopteroz joan da botoa emateko egokitu duten Martin Luther King zentrora, 2008an presidente izendatu aurretik bizileku zuen etxetik gertura.
Han, presidenteak umoretsu hitz egin du hauteskunde-mahaian zeuden lagunekin eta gero botoa eman du makina elektronikoan.
Obamak azpimarratu du aldez aurretik bozkatzea "oso" eraginkorra dela eta jende "askok" egiten duela horrela.
Aldez aurretiko botoa
Adituen arabera, hauteskunde egunaren aurretik bozkatuko du herritarren % 35-40k, 2008an baino gehiagok (% 30).
Obamak eta bere emazteak, Michelle Obamak, dagoeneko bozkatu dute, eta gauza bera egiteko deia egin diete estatubatuarrei.
Hauteskunde egunaren aurretik emandako botoek mesede egin zioten Obamari 2008ko hauteskundeetan.