AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Emaitzak

Obama, beste lau urtez Etxe Zurian

Lehia estua izango zela bazirudien ere, zenbaketa bizkorra izan da, eta presidenteak garaipen argia lortu du. "Onena iristear da", aurreratu du Obamak.

Barack Obama senideekin, garaipena lortu eta gero. EFE
Barack Obama senideekin, garaipena lortu eta gero. EFE
Obamak garaipena ospatu du milaka jarraitzaileren aurrean

01:46

David Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak beste lau urte emango ditu Etxe Zurian, astearte honetako hauteskundeetan esperotakoa baino babes handiagoa lortuta.

Agintaldia, baina, malkartsua izango da, Alderdi Errepublikanoak berriz ere lortu baitu gehiengoa Ordezkarien Ganberan. Demokratek, aldiz, Senatua bereganatu dute berriro.

Presidentearen eta Mitt Romney hautagai errepublikanoaren arteko lehia oso estua izango zela zirudien, eta beste zenbaketa amaigabe baten beldur ziren AEBetan, baina, azkenean, Obamak aise irabazi du, eta zenbaketa oso bizkorra izan da.

Hain zuzen ere, estatubatuarrek 05:00ak pasata (Euskadiko ordua) jakin dute nor izango den presidente, eta, ordu horretan, Empire State eraikina, New Yorkeko 'faroa', demokraten urdin kolorez jantzi dute.

Etxe Zurirako bidean, Obamak hainbat garaipen garrantzitsu eskuratu ditu, hala nola Kalifornia (Hauteskunde Biltzarrean ordezkari gehien ematen dituena; 55) eta ‘estatu giltzarri’ (swing state) gehienak: Ohio, Florida, Iowa, Pennsylvania, Wisconsin, New Hampshire...

Euskal diaspora gehiena biltzen duten bi estatuetan, Idahon eta Nevadan, Romneyk eta Obamak irabazi dute, hurrenez hurren.

Obamak 303 ordezkari lortu ditu Hauteskunde Biltzarrean (270 behar dira, irabazteko), eta, Romneyk, 206. Boto kopuruari begiratuta, emaitzak estuagoak izan dira, demokratak bi milioi botoko aldea izan baitu (guztira, 116 milioi pertsonak eman dute botoa, gutxi gorabehera).

Oro har, agintariak hispanoen, afroamerikarren eta 'Sandy' zikloiak astindutako guneen botoak jaso ditu. Emakumeek, gazteek eta hirietako biztanleek ere horren alde egin dute, gehienbat.

Hedabide gehienek Obamaren garaipena iragarri eta minutu gutxira, Obamak eskerrak eman dizkie jarraitzaileei Twitterren: "Denok batera gaude (garaipen) honetan. Horrela egin genuen kanpaina. Horrelakoak gara. Eskerrik asko!". Ondoren, beste txio batean, emaztea besarkatzen agertzen den argazki bat bidali du, "lau urte gehiago" esaldiari erantsita.

Ostean, agerraldia egin du Chicagon, ehunka jarraitzaileren aurrean, eta "onena iristear" dagoela aurreratu du.

"Bidea gogorra izan bada ere, bidaia luzea izan bada ere, herrialdea zutitu egin da, aurrera egin du, eta jakin badaki onena iristear dagoela", esan du.

Presidenteak txalotu egin du errepublikanoak hauteskunde kanpainan egindako lana, eta hurrengo asteetan harekin hitz egingo duela iragarri du, "elkarrekin lan egiteko eta herrialdeak aurrera egin dezan".

Bestalde, Romneyk ez ditu emaitzak aitortu bi ordu pasatu diren arte, baina azkenean zoriondu egin du Obama.

"Obamari deitu berri diot, zoriontzeko. Arrakasta izatea espero dut, garai garrantzitsua baita AEBentzat. Erronka asko daude", adierazi du, Bostonen egindako agerraldi batean.

Hauteslekuetan porrot egin badu ere, hautagai errepublikanoak bere proiektu politikoaren alde egin du, eta enplegua sortzea premiazkoa dela nabarmendu du.

AEBetako presidenteak urtarrilaren 21ean egingo du karguaren zina. Ohikoena 20an egitea da, baina, aurten, egun bat atzeratu dute, igandea delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea