Mundua -

Profila

Mitt Romney: hautagai perfektua

Enpresaburu moderatua eta antolatzaile bikaina, krisi ekonomikoaren eta langabeziaren ziztadei aurre egiteko hautagai errepublikanorik egokiena da adituen ustez.

Mitt Romney, Alderdi Errepublikanoaren hautagaia Argazkia: Efe
Mitt Romney, Alderdi Errepublikanoaren hautagaia Argazkia: Efe
Mitt Romney, Alderdi Errepublikanoaren hautagaia Argazkia: Efe

Maider Beistegi

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitt Romney (Detroit, 1947) ezohiko hautagai errepublikanoa da: mormoia, moderatua, AEBetako estatu aurrerakoienetako (Massachusetts) gobernatzaile ohia eta Barack Obamak bultzatu zuen antzeko osasun erreforma baten aita.

Hollywoodeko aktore baten distira du Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak eta, akaso, horregatik, bere diskurtsoaren kontraesanak -abortuaren legea erreformatzearen alde eta zelula-amekin ikerketa gehiago egitearen alde azaldu da- alboratu eta, hautagai perfektutzat hartu dute askok.

Gobernatzaile ohi eta enpresaburu izan eta, haren ingurukoek, gainera, pertsona lasaia eta antolatzaile ona dela esaten dute. Salt Lake Cityko Olinpiar Jokoak antolatu zituen 2002an, eta nazioartean ospea handia eskuratu zuen egindako lanaren ondorioz.

Ronald Reaganen ideologia kontserbadorearen babesle, ekonomia suspertzeko gakoa Gobernuaren esku hartzea murriztea dela sinetsita dago. Pertsona serioa, zuzena eta atsegina izanda, hautagairik egokiena dela uste dute haren aldekoek.

"Amaren eta aitaren ondoan hazteak eragin handia du haurren heziketan", esan du inoiz Romneyk, familia tradizionalaren defentsa eginda.

Bere izaeraren neurriko kanpaina egin du Romneyk: egokia, zuzena eta gorabeherarik eta hanka sartzerik gabekoa.

Langabezia jaisteko agindua

Krisia bere alde jarri du Romneyk; hain justu, enpresa munduan jasotako eskarmentuaz baliatu nahi du, AEBetako langabezia-tasari aurre egiteko. Obamaren neurriak eraginkorrak ez direla eta bere agintaldian langabezia %8,1etik %6ra jaisteko konpromisoa hartu du, irmo.

Etxe Zuriari begira badago ere, badaki hango eskailerak igotzeko beharrezkoa izango duela hispanoamerikarren babesa (botoen %40 behar ditu). Babes hori, baina, ez du erraz eskuratuko, paperik gabekoen aurkako jarreragatik eta, Alderdi Errepublikanoa etorkinen aurkako alderdia dela sentitzen dutelako herritarrek.

BIOGRAFIA

Mitt Romney 1947ko martxoaren 12an jaio zen, mormoi familia batean. Aita, George Romney, American Motorseko presidentea zen. Politikan sartu-irtena egin zuten Romneyren gurasoek: aita, Michigango gobernatzaile izan zen, ama, ostera, Senaturako hautagai.

Stanfordeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta 30 hilabetez misiolari aritu zen Frantzian. Zuzenbide ikasi zuen Harvardeko Unibertsitatean eta cum laude graduatu zen. Enpresen Administrazioa ikasi zuen ondoren Harvard Business Shoolen.

Ann Daviesekin ezkonduta, bost seme dituzte; Tagg, Matt, Josh, Ben eta Craig.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea