AEB-ko Hauteskundeak -
Kontsulta
Coloradoko eta Washingtoneko estatuek marihuana legeztatuko dute
Presidentetzarako hauteskundeak aprobetxatuta, 178 proposamenen inguruko kontsulta egin dute AEBetan. Abortua, eutanasia zein heriotza zigorra izan dira kontsultatu dituzten gaietako batzuk.
Erredakzioa
Colorado eta Washingtoneko estatuak izan dira AEBetan marihuanaren kontsumo ludikoa legeztatu duten lehenak. Proposamen bera ukatu egin du Oregoneko estatuak. Presidentetzarako hauteskundeak aprobetxatuta, zenbait gaien inguruan erabakitzeko aukera izan dute estatubatuarrek.
Guztira, 38 estatuetan zehar eta Kolunbiako Barrutian egin dituzte kontsultak. Abortua, eutanasia, heriotza zigorra zein legez kanpo dauden etorkinei zerbitzu publikoetarako sarbidea debekatzeari begira, botoa eman dute estatubatuarrek.
Sexu-bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea
Sexu-bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea onartu dute Maineko, Marylandeko eta Washingtoneko boto-emaileek. Erabaki esanguratsua da; izan ere, orain arte estatubatuarren gehiengoak homosexualen arteko ezkontza eskubidearen kontrakoak zirelako. Sexu-bereko pertsonen arteko ezkontza Connecticuten, Iowan, Massachussettsen, New Hampshiren eta Vertmonen jada legeztatuta zegoen, baita Kolunbiako Barrutian.
Sexu-bereko pertsonen arteko ezkontza publikoki babestu du Barack Obamak.