Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

I27

Katalunia, inoizko hauteskunde kanpaina garrantzitsuenaren atarian

Gauerdian hasi da kanpaina, Diada egunean. Masek eta independentziaren aldekoek dena dute jokoan.

Diada egunean hasiko da hauteskunde kanpaina. EFE
Katalunian dena prest dago Diada ospatzeko

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egun seinalatuan hasi da dena. Kataluniaren egunean, Diadan, abiatu da herri horren historian inoiz izan den hauteskunde kanpaina garrantzitsuena. Dena dute jokoan Artur Mas presidenteak eta independentziaren aldeko alderdi eta mugimenduek. Hala, plebiszitu kutsua izango du irailaren 27ko hitzorduak.

Ostiral honetan, 00:00etan, hasi da kanpaina, eta Kataluniako presidenteak hordagoa bota du, gehiengoak subiranotasunaren alde egin ezean, prozesua amaitu egingo dela esanez.

Kanpainako ekitaldiek ANCk laugarren urtez egun seinalatu horretarako antolatzen duen mobilizazioarekin bat egingo dute.

Inkesten arabera, independentziaren aldeko zerrenda bateratuak, Junts pel Sik, irabaziko ditu hauteskundeak, baina argitzeko dago gehiengo osoa lortuko duen, 18 hilabeteko epean independentzia aldarrikatzeko bidean traba handiegirik ez izateko.

CUP, giltzarri

ERCk eta CDCk babestutako hautagaitzak gehiengo osoa lortuko ez balu, CUP gakoa izan liteke, baina Antonio Bañosek ez du argitu Masen inbestidura babestuko duen. Hortaz, egonkortasun parlamentarioa lehen egunetik bertatik egon liteke kolokan.

Egoera asko gaiztotuko litzateke, oposizian dauden gainerako indarrek oso zail izango luketelako proiektu alternatibo bat bideratzea (proposamen zeharo ezberdinak dituzte denek).

Hautagaiak, 'hasiberriak'

Hitzorduaren garrantziaz jabetuta, tamainako apustua egin du Masek: ERCrekin koalizioan, eta independente askoren laguntzarekin, zerrenda horren buru izateari uko egin dio (laugarren joango da), eta Raul Romeva ICVko europarlamentari ohiari utzi dio toki hori.

Mas Junqueras Romeva Forcadell Casals efe

Junts pel Sí hautagaitzaren lehen bost hautagaiak. Argazkia: EFE

Kataluniako hauteskunde autonomiko batzuetan lehen aldiz, ez da 2012ko hitzorduan lehiatu zen hautagairik izango.

PSCk Miquel Iceta buruzagiaren aldeko apustua egin du. Sozialistak Konstituzioaren erreforma izango du proposamen nagusi.

PPk ere aurpegi "berria" izango du lehiarako. Alicia Sanchez Camacho barik, Xavier Garcia Albiol Badalonako alkate ohia aukeratu du.

Albert Rivera Espainiako hauteskundeetarako Ciutadans alderdiaren hautagai izango denez, Ines Arrimadas diputatua izango da zerrendaburua.

ICV-EUiA eta Podemos, berriz, Catalunya Sí que es Pot markapean lehiatuko dira, eta Lluis Rabellen karisma bultzatzen jarriko dituzte indarrak.

CUPek kapitalismoaren kontrako aldarriari helduko dio Antonio Bañosen zuzendaritzapean. UDCk, bestalde, Ramon Espadaler izango du hautagai.

Estatuko buruzagiak ere Katalunian

Kataluniako politikariak ez ezik, Estatuko aurpegi ezagunak ere izango dira kanpainan. Rajoy presidenteak eta Gobernuko hainbat ministrok hartuko dute parte PPren ekitaldietan. Pedro Sanchez buruzagi sozialista eta Pablo Iglesias Podemoseko burua ere hainbatetan ikusi ahalko ditugu egunotan Katalunian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak