Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Erregeen bisita
Espainia 'batu' batekin bere konpromisoa berretsi du Obamak
AEBetako presidenteak Espainiako erregea hartu du Etxe Zurian. Bilera amaitu ondoren Obamak ez du Kataluniako independentzia prozesua espresuki aipatu, baina adierazpen horiek egin ditu.
Agentziak | Erredakzioa
“Espainia indartsu eta batu batekin” harremana mantentzeko “konpromiso sakona” azaldu du Barack Obama AEBetako presidenteak, Etxe Zurian Felipe VI. erregea hartu ondoren.
Obamak Espainiako erregea hartu du Etxe Zurian. Bilera amaitu ondoren AEBetako buruzagiak ez du Kataluniako independentzia prozesua espresuki aipatu, baina adierazpen horiek egin ditu.
Agintaldia bukatu baino lehen (2017ko urtarrila) Espainiara bidaia egin ahal izatea “espero” du AEBetako presidenteak. Bi herrialdeen arteko “adiskidetasuna” goraipatu du Obamak, baita Espainiaren susperraldi ekonomikoa ere, “atzeraldi ikaragarriaren” ondoren, baina oraindik aurretik lan handia dutela zehaztu du.
Obamak eta Felipe VI.ak 45 minutuko bilera egin dute. Espainia bisitatzera gonbidatzeaz gain, bere hurbiltasuna eskertu dio erregeak AEBetako buruzagiari. Bi herrialdeek demokrazia eta batasun balioak partekatzen dituztela berretsi du Felipe VI.ak.
“Bakean elkarbizitza lortzeko helburu handia beti mantendu behar dugu”, goraipatu du erregeak agerraldi bateratu batean, bilera ondoren.
Felipe VI.a eta Letizia erregeen lehen bisita izan da Etxe Zurian. AEBetan lau eguneko bisita ofiziala egiten ari dira Espainiako erregeak.
Margallo, "poz-pozik" Obamaren adierazpenekin
Obamak egindako adierazpenekin “poz-pozik” agertu da Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa. “Ez nau batere harritzen. AEBek sezesioa ez dute batere atsegin”, adierazi du.
“Adierazpen argia izan da. Washingtonek Zuzenbidezko Estatua errespetatzen du, baina bistakoa dena txalotu beharra dago egun”, goraipatu du Margallok Espainiako enbaxadorearen egoitzan, Washingtonen.