Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Erreakzioak

EAEko alderdiak, zatituta I27ko emaitzen aurrean

EH Bilduk uste du independentismoak irabazi egin duela "bai eserlekutan, bai bototan", eta PPk adierazi du "independentzia nahi ez duten kataluniar gehiago" daudela.

Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramailea. EiTB
Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramailea. EiTB
EAJk 180 graduko bira emateko eskatu dio Rajoyri

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak 180 gradu biratzea eskatu die PPri eta Espainiako Gobernuari, orain arte "ez baitiote heldu" "lurraldetasunaren arazoari".

Ortuzarrek EAJren irakurketaren berri eman du Bilbon, Kataluniako hauteskundeen ostean. Horren ildotik, independentistek prozesuarekin aurrera jarraitzeko "babes nahikoa" lortu dutela nabarmendu du.

Alderdi jeltzalearen esanetan, botoen % 60 erabakitzeko eskubidearen aldekoak izan direla. Horrenbestez, "Kataluniara eta Euskadira begiratzeko moduari buruzko hausnarketa" egiteko deia egin die Estatu mailako alderdiei.

EAJko presidenteak Mariano Rajoyren aurka egin du, eta Espainiako Gobernuko presidenteak gaur esandako hitzek "kuartel usaina" dutela deitoratu du.

EH Bildu

Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak uste du "ez dagoela zalantzarik" eta Katalunian independentismoak irabazi duela, "bai eserlekutan, bai bototan". "Argi dago Kataluniak bide horretatik jarraituko duela, Madriletik jarriko dituzten zailtasunak gorabehera", gaineratu du.

Arraizek prentsaurrekoa eskaini du, koalizio abertzalearen beste hainbat ordezkarirekin batera. Bertan, gizarte kataluniarra zoriondu du, "heldutasun politikoa" erakusteagatik eta hauteskundeetan "parte-hartze historikoa" izateagatik.

Emaitzei dagokienez, hasieratik hauteskundeei plebiszitu izaera "ukatu" diotenak "ondoren" izaera hori gehien nabarmendu dutenak direla deitoratu du. Horren ildotik, botoen interpretazioan "amarruak" egitea egotzi die independentziaren aurkakoei.

PSE-EE

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak "kataluniarrekin eta Espainiako beste herriekin batera proiektu bateratu bat" egitea babestu du, Eusko Legebiltzarrera "zatiketarik" eramango ez lukeena.

Horren ustez, igandeko hauteskundeen ostean "Katalunia berdin dago, baina zatiketa handiagoarekin". Irabazi dutenek (Junts pel Si zerrenda) "abenturak" egiteko "zilegitasunik" ez dutela erantsi du.

Bere blogean idatzitako artikulu batean, Mendiak esan du hauteskundeek ez dituztela konpondu "kataluniarren arazo larriak", hala nola ustelkeria. Horregatik, irabazleek gai horiei heldu behar dietela iritzi dio.

PP

Azkenean, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak adierazi duenez, "alderdi subiranistek azken hilabeteetan eragindako haserre politikoak ez du ezertarako balio izan, independentzia nahi ez duten kataluniar gehiago baitaude".

Semperrek prentsaurrekoa eskaini du, Donostian. Horretan, emaitzak aztertzeko deia egin die EAEko alderdi independentistei eta nazionalistei.

"Herritarrei presio egiten bazaie, moderazio handiz erantzuten dute, bizikidetza eta elkar-ulertzea eskatuta", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur