Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Negozioazioak

Mas presidente? Junts Pel Siren eta CUPen arteko dema, abian

CDCko burua ez duela babestuko berretsi du CUPek, eta "nazioarteko proiekzioa" duen kontsentsuzko hautagaia eskatu du.

Mas, burumakur, botoa ematen irailaren 27an. EFE
Artur Mas. EFE
Mas, burumakur, botoa ematen irailaren 27an. EFE

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aukeratuko al dute berriro Artur Mas Kataluniako presidente? Galdera kezka iturri bihurtu da azken orduetan Junts Pel Si CDCk, ERCk eta ANCk eta Ominum Kulturalak babestutako zerrenda bateratuarentzat. Izan ere, hautagaitzak eskuratu dituen 62 eserlekuak ez dira aski Mas presidente aukeratzeko eta gutxienez CUPen bi ordezkariren babesa behar du. CUPek esana du ez duela CDCko buruaren alde egingo. Gaur hasiko dituzte bi indarrek inbestiduraren inguruko negoziazioak. Bide malkartsua izango ei da, zailtasunez eta gorabeheraz betea.

Alderdi antikapitalista eta asanblearioak hauteskunde kanpainan eta ondotik esan du ez duela "murrizketekin edo iraganarekin lotutako presidenterik babestuko". Gaur bertan berretsi du Antonio Baños Kataluniako Presidentetzarako CUPen hautagaiak TV3 kateari eskainitako elkarrizketa batean: "Mas katalan garrantzitsua da prozesuan, baina ez da bakarra". Ezkerreko buruzagiaren esanetan, Mas lotuegi dago murrizketa eta ustelkeria kontzeptuekin, eta "nazioarteko proiekzioa" duen kontsentsuzko hautagai baten alde egin du.

Bañosek azaldu duenez, astelehenean hasi ziren deiak egiten. "Denei deitu diegu", aitortu du. Junts Pel Si, baina, ez dela solaskide bakarra, eta sindikatuekin eta gizarte eragileekin ere mintzatu nahi dutela gaineratu du.

Beranduen dela, lehen inbestidura-saioa azaroaren 9rako, independentziaren inguruko galdeketaren urtemugarako, deitu beharko luke jarduneko presidenteak. Lehen saio horren ondotik, Masek bi hilabete izango lituzke CUP konbentzitzeko, eta lortuko ez balu, hauteskunde berriak deitu beharko lituzke 40 eta 60 egun arteko epean.

Inbestidura ez da Masen buruhauste bakarra. Independentziaren aldeko bide orriaren hurrengo pausoak adostu behar dituzte bi aldeek. Junts Pel Sik esan du bidean jarraitzeko nahikoa berme baduela. CUPek, ordea, aitortu du ez dutela plebiszitua irabazi (botoen % 47 pasatxo jaso dute independentziaren aldeko indarrek), eta, hortaz, oraingoz ez dute alde bakarreko independentzia deitzeko nahikoa babes.

Beste bilerak

Bien bitartean, Ines Arrimadas (Ciutadans) Kataluniako Presidentetzarako hautagai eta oposizioaren buruak iragarri duenez, alderdi laranjak bilera sorta hasiko du independentziaren kontra dauden alderdiekin. Hala, Xavier Garcia Albiolekin (PP) batzartuko da astearte honetan, eta Icetarekin (PSC), datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur