Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Profila

Artur Mas, ekimen independentista hartu duen hautagaia

CiUren hautagaiak bat egin du Diadaren harira piztu zen independentziaren aldeko aldarrikapenarekin, eta ohiko diskurtso moderatutik urrundu da, Estatu kataluniarra nahi duela argi adierazita.

Artur Mas CiUren hautagaia Kataluniak hauteskundeak irabazteko. Argazkia: Efe
Artur Mas CiUren hautagaia Kataluniak hauteskundeak irabazteko.
Artur Mas CiUren hautagaia Kataluniak hauteskundeak irabazteko. Argazkia: Efe

M.G

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Masek (Bartzelona, 1956) Kataluniako hauteskundeak irabaztea besterik ez du buruan, eta gehiengo osoaren bila joango dela argi adierazi du hauteskundeen aurretik, bere proiektua (Estatu kataluniarra sortzea) gauzatzeko ezinbestekoa delakoan.

CiUren presidentegaia Kataluniako metal eta ehun industriari lotutako enpresari famili batekoa da eta Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen.

1982an Generalitatean sartu zen eta bertan jardun zuen atzerriko inbertsioak bilatzeko lanean, 1987an Bartzelonako zinegotzi izendatu zuten arte. Orduan hasi zen Masen ibilbide politikoa. Gero, CiUren eskutik, diputatu izan zen 1987tik 1995era.

2003 arte, CiUren agintaldietan (Jordi Pujol presidentearekin), kontseilari karguak hartu zituen, ekonomia alorrean beti ere.

Convergencia Democratica de Catalunyaren (2000tik) eta CiUren (2001etik) presidente izaki, 2010eko hauteskundeak arte oposizioan egon zen, sozialistek agindu baitzuten (Maragallek eta Montillak) tarte horretan, CiUk baino diputatu gutxiago edukita ere ERCrekin eta Iniciativa per Catalunyarekin akordioa lotuta.

Kataluniako Estatutu berria Kongresura eraman zutenean, 2006an, Katalunia Espainiaren barruan ikusten zuela esan zuen. 2010ean, ordea, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutu berria atzera bota ondoren, Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde agertu zen.

Urte horretan bertan, hirugarren aldiz aurkeztu zen presidente izateko hautagai, eta azkenean lortu zuen espero zuen garaipena, zabala.

Bi urtez agindu eta gero, hauteskundeak 2012ko azaroaren 25era aurreratzea erabaki zuen, Espainiako Gobernuarekin adostu nahi zuen itun fiskalak porrot egin ostean, eta Katalunian zabaldu zen independentziaren aldeko mugimenduak bultzatuta.

Kataluniako Diadaren harira independentziaren aldeko manifestazio jendetsua egin zen (milioi bat lagunek parte hartu zuten), eta Masek, parte hartu ez bazuen ere, babes osoa agertu zion aldarrikapenari. Orduan hasi zen Masen diskurtso moderatua aldatzen eta modu irekian aldarrikatu zuen Estatu kataluniarra sortzeko nahia, azaroaren 25eko hauteskundeetarako programan sartu duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea