Politika -

Politika Orokorreko plenoa

Artur Masek Kataluniako hauteskundeak azaroaren 25era aurreratu ditu

"Autodeterminazio eskubidea erabiltzeko unea iritsi da", esan du Generalitateko presidenteak Politika Orokorreko Eztabaidan.

Artur Mas, Politika Orokorreko plenoa hasi baino minutu batzuk lehenago. Argazkia: EITB.
Artur Mas, Politika Orokorreko plenoa hasi baino minutu batzuk lehenago.
Masek hauteskundeak deitu ditu azaroaren 25erako

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako hauteskundeak datorren azaroaren 25ean izango direla iragarri du, Kataluniako Parlamentuan egin duen agerraldian.

Mas presidenteak iragarpen horrekin ekin dio Kataluniako Politika Orokorreko eztabaidari, aurrez Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentearekin elkartu da, eta bere asmoen berri eman dio.

Kataluniako presidenteak Diada egunean Bartzelonan egindako manifestazio jendetsua gogoratu du, eta fede ekintza gisa izendatu du. Artur Masek gaineratu du, orain berari eta gainerako politikoei dagokiela gertaturikoa interpretatzea.

"Niri dagokit interpretatzea eta horren ondorioak kontuan izanda jardutea, eta hori izan da egunotan egiten saiatu naizena", adierazi du Masek. Hausnarketa egun batzuen ostean, "erabakitzeko" eta "ekintza zehatzen" unea iritsi dela azaldu du, batik bat Kataluniarentzako paktu fiskala negoziatzeari Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ez esan ostean.

Artur Masen ustez, egoera politikoak norabide aldaketa izan du: "Manifestazioa izugarriak eta paktu fiskala negoziatzeari uko egiteak nire ideiekin eta konpromisoekin bat etortzera eraman didate".

Masen hitzetan, Rajoyk paktu fiskala errefusatzea eta Diadako manifestazioaren erreakzioak argi utzi dute Espainiak Katalunia ulertu gabe jarraitzen duela: "Europako nazio zaharrenetako batek errespetua, subiranotasuna, osotasun nazionala eta Europar Batasunaren barruan Estatu propioa izatea eskatu du", Madrilek ez du horri buruzko aipamenik egin.

Autodeterminazio eskubidea

Bere hitzaldiaren amaieran, Artur Masek esan du Kataluniari ordua iritsi zaiola "autodeterminazio eskubidea erabiltzeko". "Kataluniako herritarrek euren bidea askatasunez erabaki behar dute. Herritarren borondatea bete dezagun", esan du.

Azaroaren 25eko hauteskundeetatik aterako den Parlamentu berriak "misio historikoari" heldu beharko diola esan du Artur Masek: "Seguruenik azken 300 urteetako erronkarik garrantzitsu eta zailena izango da", gaineratu du.

‘Murrizketa gehiago izango dira’

Bestalde, Artur Masek azaroaren 25eko hauteskunde autonomikoen ostean aurrekontuetan murrizketak egiten jarraituko dutela azaldu du, eta "herrialdeari horiek amaitu egingo direla zin egitea engainatzea da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea