Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

A-25

CiU: 'Agian beste alderdientzat ere egin dugu lan'

Jordi Turull CiUko bozeramaileak esan du alderdia ez dela hauteskundeak aurreratzeaz damutu. Hala ere, herritar askok euren botoa aldatu egin dutela onartu du.

Artur Mas (CIU). EFE.
Helburuak ez direla bete onartu du CiUk

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Turull Kataluniako Parlamentuan CiUk duen bozeramaileak adierazi duenez, bere alderdiak "agian besteentzat egin du lan", baina "aurrera egiteko 1.100.000 arrazoi dauzkagu mahai gainean", gaineratu du. Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak 50 eserleku lortu ditu hauteskunde hauetan, 2010ean baino 12 gutxiago.

"Ez, ez gara hauteskundeak aurreratzeaz damutu", esan du ABC Punto Radiori eskainitako elkarrizketan. Hori esanda, atzoko hauteskundeetan "subiranotasunaren aldeko botoek gora egin dute", azpimarratu du. "Kataluniak bere etorkizuna erabakitzeko gogoa hor dago", nabarmendu du.

"Agian beste alderdi batzuentzat ere egin dugu lan hauteskunde-kanpainan, baina 1.100.000 arrazoi ditugu aurrera egiteko", adierazi du.

Turullen ustez, Artur Masek ez luke dimisioa aurkeztu behar, "kontsulta egitearen aurka dauden bi alderdien (Ciutadans eta PP) botoen eta eserlekuen gainetik gaudelako". "Masek oso urte zailak kudeatu ditu 2010etik hona", gaineratu du.

CiUko bozeramailearen ustez, hauteskunde-kanpaina "oso arraroa" izan da "gauza asko" gertatu direlako; besteak beste, "greba orokor bat". "Azken astean, gainera, informazio eta irain ugari pairatu ditugu", horren arabera.

Kataluniako balizko Gobernuari buruz, CiUk "Gobernu indartsu" bat osatuko duela azpimarratu du. "Gaur emaitzak ondo aztertuko ditugu, eta hemendik aurrera, gobernatzen saiatuko gara. Gobernu berria ez da gure emaitzen araberakoa izango bakarrik, besteen gogoen araberakoa ere izango da".

ERC ez da Gobernuan egongo

Bestalde, ERC ez da Kataluniako Gobernu berrian egongo, eta oposizioko burua izaten saiatuko da, gaur Oriol Junquerasek iragarri duenez. Hala ere, CIUrekin "oinarrizko helburuen" agenda bat adosten saiatuko da. Helburu horien artean, azaldu duenez, erabakitzeko eskubidearena egongo da.

Atzoko hauteskundeen emaitzak aztertzeko bilera egin du gaur goizean ERCk. Junquerasek gogoratu duenez, CIUk hauteskundeak irabazi zituen, eta Esquerraren iritziz, "nazio mailako helburuak eta ekonomikoak" bat etorri behar dira, "eta ezin dira zatitu".

Emaitzak

Atzoko emaitzak ez ziren onak izan Artur Masen alderdiarentzat, 12 eserleku galdu baitzituen (50 eskuratu zituen). ERC alderdiak gorakada handia izan zuen, eta 10 eserleku izatetik 20 izatera pasatu zen.

PSCk, aldiz, 8 eserleku galdu zituen, eta hirugarren alderdia izango da Parlamentuan. Sozialistek 19 eserleku izango dituzte. PPCk, berriz, gora egin du. Alicia Sanchez Camachoren alderdiak gora egin du, eta 19 ordezkari izango ditu orain.

ICVri dagokionez, 13 ordezkari izango ditu, 3 irabazita, eta Ciutadansek ordezkaritza hirukoiztu egin zuen, 3 eserlekutik 9ra pasatuta. CUPek, berriz, 3 diputatu lortu zituen.

HItzarmenak

Gaur, Kataluniako alderdiek atzoko emaitzak aztertuko dituzte, hurrengo Gobernuari begira hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko. CiUk atzera egin badu ere, erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde dauden alderdiek elkarrekin bat egingo balute gehiengo absolutua lortuko lukete (CiUk 50 eserleku lortu zituen, ERCk 21, ICVk 13 eta CUPek 3).

CiUk, baina, aukera ugari ditu aurrean, ERCrekin, PSCrekin edo PPrekin bat eginda gehiengo absolutua izango bailuke Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea