Udal eta Foru Hauteskundeak -
PP
Zentro-eskuineko botoa 'biltzeko' deia egin du De Andresek
Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, sektore ideologiko horren 'zatiketak' EAJri eta EH Bilduri egiten die mesede.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi eta berraukeraketarako PPren hautagaiak zentro-eskuineko botoa "biltzeko" deia egin du, EAJk edo EH Bilduk Araban agintzea "saihesteko". Javier de Andresen esanetan, zentro-eskuinaren "zatiketak" euskal nazionalismoari soilik egiten dio mesede.
Buruzagi popularrak larunbat honetan Gasteizen egindako aurrekanpainako ekitaldian adierazi du Alderdi Popularrak Arabako Diputazioan -Ramon Rabanera eta Javier de Andres- eta Gasteizko Udalean -Alfonso Alonso eta Javier Maroto- agindu aurretik Arabako erakunde nagusienetan jeltzaleak zeudela agintean.
De Andresek nabarmendu du 1980ko eta 1990eko hamarkadatan zentro-eskuineko alderdi "mordoa" zegoela eta horrek euskal nazionalismoari egiten ziola mesede. Ildo horretan, adierazi du "asko kosta" zela indar guzti horiek "batuko" zituen alderdi bakar bat osatzea.
Haren hitzaldian Ciudadanos eta UPyD alderdiei aipamenik egin ez badie ere, aitortu du PPren erronka dela ordezkatzen duen espektro ideologikoa mantentzea eta batasuna handitzea, eta baita zentro-eskuineko sentsibilitate guztiak batzea ere.