Udal eta Foru Hauteskundeak -
CIS
UPNk irabaziko lituzke bozak Nafarroan, Podemosekin ia berdinduta
CIS etxeak egindako barometroaren arabera, UPN litzateke lehen indarra, baina Podemosi oso tarte txikia aterata. Bestalde, EH Bildu hirugarren indarra litzateke, PSNri aurrea hartuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
UPNk irabaziko lituzke maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeak Nafarroan, CIS etxeak egindako azken barometroaren arabera. Alderdi erregionalista izango litzateke lehen indarra botoen % 20,8 eskuratuta (11 edo 12 eserleku), Podemos-Ahal Dugu alderdiari oso tarte txikia aterata (botoen % 19,9 eta 11 eserleku).
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroak gaur argitaratutako datuei erreparatuz gero, EH Bildu hirugarren indarra litzateke bozen % 12,5 lortuta (7 eserleku), eta aurrea hartuko lioke PSNri (botoen % 11,2 eta 6 eserleku).
Sozialisten atzetik, nahikoa parekatuta azaltzen dira Geroa Bai (bozen % 10 eta bost eserleku) eta Ciudadanos (botoen % 8,7 eta lauzpabost eserleku). Gainera, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza lortuko lukete Alderdi Popularrak eta Izquierda-Ezquerra alderdiek ere.
Nafarroako presidentegai direnekiko duten iritziaz galdetuta, Uxue Barkos da ondoen baloratutakoa (% 68,8). Horren atzetik, boto-emaileen babes txikiagoa eskuratu dute Maria Chivitek (% 46,6), Jose Javier Esparzak (% 42,9), Jose Miguel Nuin (% 31,5), Ana Beltran (% 25,2), Adolfo Araiz (% 21,5) eta Miguel Zarranz (% 13).