22:27

Udal eta Foru Hauteskundeak

Arabako datuak

EAJk aurrea hartu dio PPri Araban, eta lehen indarra da

O.A. | ERREDAKZIOA

Bestalde, PPk 12 batzarkide lortu ditu, EH Bilduk baino bat gehiago.

1:49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAJk lehen postua kendu dio PPri Araban, eta popularrak bigarren indarra dira orain EH Bilduren aurretik.

Jeltzaleek 13 batzarkide lortu dituzte, PPk baino bat gehiago (12) eta EH Bilduk baino bi gehiago (11). Laugarren posturako lehian, Ahal Duguk aurrea hartu dio PSE-EEri eta 8 batzarkide eskuratu ditu, sozialistek baino hiru gehiago. Bestalde, Ciudadanos eta Irabazi alderdiek ordezkari bana izango dute Arabako Batzar Nagusietan.

Batzar Nagusietarako hauteskundeetan alderdi bozkatuena PP izan bada ere (EAJk baino 500 boto gehiago lortu ditu), jeltzaleek lortu dituzte ordezkari gehien (13); popularrek baino bat gehiago.

Batzarkideen banaketa egiterakoan, hauteskunde barruti bakoitzean eskuratutako boto kopurua hartzen da kontuan, eta, horregatik, EAJ nagusitu da Araban.

Arabako sozialistek atzerakada handia pairatu dute; hain zuzen ere, 8.000 boto eta 4 batzarkide galdu dituzte.

Javier de Andres Arabako jarduneko ahaldun nagusia eta berrautaketarako PPren hautagaiak azpimarratu du PP dela Gasteizko eta Arabako lehen alderdia. "Araban, EAJk baino 2.000 boto gehiago eskuratu ditugu, eta Gasteizen, 9.000 gehiago. Horrek esan nahi du Arabako PP dela lurraldeko lehen alderdia azken 20 urteetan", gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, aitortu du hauteskunde sistemak ez diela gehiengoa "eman". "Arabako lehen indar politikoa garen ilusioa eta uste osoa izan behar duzue", azaldu du.

Bestalde, Arantza Quiroga Euskadiko popularren presidenteak nabarmendu du hauteskunde "zailak" izan direla, eta horregatik Javier Marotoren eta Javier de Andresen garaipenek zapore hobea dutela gaineratu du. PPk hauteskundeak irabazi ditu Gasteizen (9 zinegotzi), eta lurraldean boto gehien eskuratu dituen alderdia izan da (34.745 boto lortu ditu PPk eta 33.850, EAJk). Hala ere, jeltzaleek popularrek baino batzarkide bat gehiago erdietsi dute. "Ahalegin hori oso garrantzitsua da", azpimarratu du.

Arabako herri nagusietako emaitzak

Araban, EAJk lortu ditu zinegotzi gehien (178) -161 zituen orain arte-, Bilduren aurretik (104) eta koalizio abertzaleak orain dela lau urteko kopuruari eutsi dio. PPk, bestalde, beherakada handia jasan du; izan ere, orain arte 82 zinegotzi zituen eta 46rekin gelditu da. PSE-EEk ere behera egin du, eta 7 zinegotzi galdu ditu (26 guztira).

Laudion, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena (% 31,43) eta bost zinegotzi eskuratu ditu, 2011ko hauteskundeetan baino bat gutxiago. Koalizioaren atzetik, oso gertu, EAJ kokatu da (% 26,46), bost zinegotzirekin. Hirugarren tokia, berriz, Omnia plataforma independenteak erdietsi du, 4 zinegotzirekin. Azken bi tokiak PSE-EE (2 zinegotzi) eta PP alderdientzat (zinegotzi bat) izan dira.

Guardian, PPk irabazi du oraingoan ere, baina zinegotzi bat galdu du (4 zinegotzi). EAJk eta EH Bilduk bina zinegotzi lortu dituzte, eta Ciudadanos udalean sartu da ordezkari batekin.

Amurrion, EAJk lehen postuari eutsi dio (7 zinegotzi), eta EH Bilduk bi zinegotzi galdu ditu (5 zinegotzi). Ahora Amurrio plataformak bi ordezkari izango ditu udalean, eta PSE-EEk, PPk eta Guk Baik, bana.

Agurainen, EAJk (botoen % 53,42) aurrea hartu dio Bilduri, eta sei zinegotzi lortu ditu; koalizio abertzaleak baino bat gehiago.

Oionen, PP nagusitu da, duela lau urte bezala, baina EAJri tarte txikia aterata. Bi alderdiek launa ordezkari izango dituzte, eta horien atzetik EH Bildu (2 zinegotzi) eta PSE-EE (zinegotzi bat) kokatu dira.

Iruña Okan, PSE-EEk lehen postuari eutsi dio, 4 zinegotzi eskuratuta, EAJren (2), PPren (2), EH Bilduren (2) eta Irabaziren (1) aurretik.

Bastidan, EAJk lehen postua kendu dio PPri, bozen % 39,34 lortuta (4 zinegotzi), eta popularrek hiru ordezkari izango dituzte, orain arte baino bi gutxiago. Bestalde, EH Bildu hirugarren indarra da, 2 zinegotzirekin (% 17,52).

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena