Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Esparza: 'UPN konplexurik gabe egongo litzateke oposizioan'

UPNko presidentegaiaren hitzetan, EH Bilduren botoak “onartzeak Nafarroaren garapenari, askatasunari eta elkarbizitzari kalte” egiten die.

Esparza, Barcina eta Maya prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Esparza, Barcina eta Maya prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Esparza, Barcina eta Maya prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere alderdiari oposizioa zuzentzea egokitzen baldin bazaio, “konplexurik gabe” egingo duela esan du Javier Esparza UPNko presidentegaiak. Gainerako indar politikoekin hitz egingo duela iragarri du Esparzak, baina “ia guztiak bere alderdiaren aurka batuko diren sentsazioa” du.

“Oposizioa egokitzen bazaigu, sendo eta arduratsu egingo dugu Nafarroaren interesa defendatuz. Seriotasunez eta apaltasunez, proiektu batean lan egingo dugu”, nabarmendu du.

Javier Esparza Nafarroako Parlamenturako UPNren zerrendaburuak, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuaren jarduneko presidenteak eta Enrique Maya Iruñeko alkateak agerraldia egin dute alderdiaren egoitzan igandeko emaitzak baloratzeko.

Alderdiak “emaitza hobeak” espero zituela onartu du Esparzak, baina boto-kutxetan “90.000 nafarren babesa” lortu dutela goraipatu du.

Bestalde, Maria Chivite PSNko idazkari nagusiarekin hitz egin duela eta “Uxue Barkosen (Geroa Bai) deia” jaso duela esan du UPNko presidentegaiak. “Barkosek zorionak eman dizkit, baina aldaketa zuzentzeko bilera-sorta egingo duela esan dit”, erantsi du.

Esparzaren ahotan, “kanpainan nik esandakoa baieztatu du” Barkosen deiak, hauteskundeak baino lehen EH Bilduren, Geroa Bairen, Ezkerraren eta Ahal Duguren arteko ituna zegoela, alegia. Akordioak “kaosa eta ezegonkortasuna” sortuko duela gaineratu du UPNko ordezkariak.

Hauteskundeetako emaitzek “24 parlamentari konstituzionalista (UPN, PSN eta PP) eta 26 independentista (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) eman dituzte”, adierazi du.

Esparzaren hitzetan, EH Bilduren botoak “onartzeak Nafarroaren garapenari, askatasunari eta elkarbizitzari kalte” egiten die. Nahiz eta Nafarroako Gobernuak “beti itunak eginez osatu”, koalizio abertzaleak “terrorismoa gaitzetsi gabe, biktimei barkamena eskatu gabe eta toki askotan askatasuna murrizten jarraitzen du”, esan du.

“Lauko gobernuak saihesteko” eskatu du Barcinak

Bestalde, “Nafarroaren nortasunean, erakundeetan eta askatasunean sinesten” duten herritar guztientzat, UPN “erreferentzia” da eta izaten jarraituko du, Barcinaren esanetan.

Gehiengoa “errespetatzeko” eskatu die Barcinak gainerako alderdiei. Halaber, “lauko gobernuak saihesteko” eskatu die, “sekula ez dutelako emaitza onik eman”. Gainera, Geroa Bai, Ezkerra, Bildu eta Ahal Dugu “oso desberdinak” direla azpimarratu du.

Maya: "Donostian balio ez duenak hemen bai”

Enrique Maya Iruñeko alkatearen esanetan, iruindarrek bere hautagaitzari emandako babesa “oso garrantzitsua eta gehiengoa da”; izan ere, “10 zinegotzi ditugu eta bigarren indarrak bost baino ez”.

Testuinguru horretan, “Donostian balio ez duenak hemen bai balio du, EAJren (Geroa Bairen parte da) eta EH Bilduren arteko akordio bat, alegia”, kritikatu du. “Irizpide ezberdin hori paradoxikoa da”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Gaurko albisteak Nafarroan UPN Nafarroako Hauteskundeak emaitzak