Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

EAJ, Gipuzkoan eta Araban garaile; Nafarroak aldaketaren alde egin du

Jeltzaleek Donostian irabazi dute. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ere boto gehien jaso duen alderdia izan da. Nafarroan UPNk irabazi duen arren "aldaketa" etor daiteke ezkerreko alderdien eskutik.

EAEko alderdirik bozkatuena izan da EAJ

2:34

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk irabazi ditu hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Hortaz, EH Bilduri lehen tokia kendu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta PPri Araban. Jeltzaleek, bestalde, gehiengo erosoa lortu dute Bilbon, eta aurreneko tokia Donostian. Gipuzkoako hiriburuan hirugarren indarra izango da EH Bildu. Gasteizen, Javier Marotok irabazi du berriro, EH Bilduren aurretik. EAJ hirugarren tokian geratu da Gasteizen. Ahal Dugu Batzar Nagusietan egongo da, hiru lurraldeetan.

Nafarroan, hauteskundeak UPNk irabazi dituen arren, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko batuketak gehiengo absolutua emango luke Gobernua eratzeko orduan.

BIZKAIA

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) garaipen erosoa lortu du Bizkaian 2015eko foru hauteskundeetan, eta duela lau urteko emaitzak hobetu ditu (23 batzarkide, duela lau urte baino bat gehiago), datu ofizialen arabera (botoen % 99,03 kontatuta).

EH Bilduk bigarren postuari eutsi dio, 11 batzarkiderekin (2011n baino bat gutxiago), eta Ahal Dugusei batzarkide lortu ditu bere lehenengo agerraldian, eta laugarren indarra izango da, PSE-EEren atzetik. Sozialistek zazpi eserleku erdietsi dituzte, duela lau urte baino bi gutxiago.

Aipatzekoa da PPk izandako porrota, ordezkarien erdiak galdu baitituzte: 8tik 4ra. Abstentzioa % 37,57ekoa izan da.

Bestalde, duela lau urte eskuratutako garaipena errepikatu du EAJk Bilboko udal hauteskundeetan; ez du, ordea, orduan lortutako gehiengo osoa lortu. Jeltzaleek 13 zinegotzi izango dituzte (Udalean 29 dira guztira).

Juan Maria Aburto buru duen hautagaitzak 63.637 boto erdietsi ditu (botoen % 39,32), 2011n baino 11.000 gutxiago.

EH Bildu izango da bigarren indarra boto kopuruari dagokionez (22.705, % 14,03), baina eserleku kopuruan berdinketa izan da koalizio abertzalearen, PSE-EEren (19.344, % 11,95) eta PPren artean (19.185 , % 11,85). Launa zinegotzi eskuratu dituzte.

Udalberri (13.790 boto, % 8,52) eta Ganemos (10.471 boto, % 6,47) alderdi sortu berriek eskuratu dute laugarren eta bosgarren postua, bina zinegotzi lortuta.

Abstentzioa % 40,62koa izan da.

Aldaketak Bizkaiko udal hauteskundeetan

Foru hauteskundeek ez dute Bizkaian aparteko ezustekorik eman, baina ez da gauza bera gertatu hainbat herritako udal hauteskundeetan.

Barakaldon, urte luzez sozialisten "gotorleku" izan den Ezkerraldeko herrian, esaterako, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, PSE-EEri 65 botoko aldea aterata. Biek ala biek zortzina zinegotzi izango dituzte. EH Bilduk aurrekoetan lortu zituenei eutsi die (4), eta beste horrenbeste lortu ditu Irabaziz alderdiak. PP bost ordezkari izatetik hiru izatera pasatu da.

Lekeition izan da gaueko beste "ezustea". EAJ izan da garaile (7 ordezkari) kostaldeko herri honetan, EH Bilduren kaltetan (6).

Aurreko hauteskundeetan EH Bilduren koalizioko hautagai zen Jose Maria Gorroñok (egun, EAJ) irabazi ditu hauteskundeak Gernika-Lumon, gehiengo osoa (11 eserleku) lortuta gainera. Koalizio abertzaleak sei zinegotzi izango ditu.

GIPUZKOA

EAJ indar bozkatuena izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, EH Bilduk baino eserleku bat gehiago lortu baitu.

Botoen % 99 zenbatuta, EAJk 18 batzarkide eskuratu ditu, duela lau urte baino 4 gehiago, eta EH Bildu 22tik 17ra jaitsi da.

Bi alderdi horien atzetik urrun, PSE-EEk 9 eserleku lortu ditu (-1), Podemos-Ahal Duguk 6 eta PPk 1 (-4).

Donostian, EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak. Horrenbestez, Eneko Goia hautagai jeltzalea izango da segur aski Gipuzkoako hiriburuko hurrengo alkatea. Bien bitartean, EH Bildu hirugarren postura erori da.

Hain zuzen ere, botoen % 100 zenbatuta, EAJ izan da indar bozkatuena: 9 zinegotzi lortu ditu (2011n baino hiru gehiago). Ondoren, hauek geratu dira: PSE-EE (7 zinegotzi, duela lau urteko hauteskundeetan lortutako zinegotzi kopuru berbera); EH Bildu (6 zinegotzi, aurrekoetan baino bi gutxiago); PP (3 zinegotzi, aurrekoetan baino 3 gutxiago) eta Irabazi (2 zinegotzi).

Gipuzkoako beste herri batzuk

Irunen, PSE-EE izan da bozkatuena, botoen % 33,43 eta 10 zinegotzi eskuratuta. Bigarren lekuan, EAJk botoen % 18,24 eta 5 zinegotzi lortu ditu. Ondoren, SPIk botoen % 18,15 eta 5 zinegotzi eskuratu ditu; EH Bilduk, botoen % 12,39 eta hiru zinegotzi; eta PPk, botoen % 7,8 eta bi zinegotzi.

Arrasaten, EH Bilduk gehiengo osoa galdu du, eta bigarren lekura jaitsi da, EAJk boto gehiago jaso baititu. Horren ildotik, koalizio abertzaleak 7 zinegotzi eskuratu ditu (2011n baino 4 gutxiago), eta EAJk 8 (4 gehiago). Bestalde, PSE-EEk hiru lortu ditu, SSPBAk bi eta Irabazik bat.

Pasaian, PSE-EEk irabazi du, bost ordezkari lortuta; hots, EAJk beste, baina boto gehiago bereganatu ditu. Hain zuzen, sozialistek botoen % 27,52 lortu dituzte, eta jeltzaleek, berriz, botoen % 25,66. EH Bildu agintean izatetik hirugarren indar izatera pasatu da (botoen % 23,52 eta lau zinegotzi), eta Ahal Duguk botoen % 14,27 eta hiru zinegotzi izan ditu.

Eibarren, PSE-EEk lortu du garaipena berriz, botoen % 41,91 jasota. Hori dela eta, 10 zinegotzi eskuratu ditu, duela lau urte baino bat gehiago. Bigarren EH Bildu izan da (botoen % 24,04 eta 5 zinegotzi), eta EAJ (5 zinegotzi) eta Irabazi (1) geratu dira ondoren. PPk galdu egin ditu duela lau urte lortutako bi ordezkariak.

ARABA

EAJk lehen postua kendu dio PPri Araban, eta popularrak bigarren indarra dira orain EH Bilduren aurretik.

Jeltzaleek 13 batzarkide lortu dituzte, PPk baino bat gehiago (12) eta EH Bilduk baino bi gehiago (11). Laugarren posturako lehian, Ahal Duguk aurrea hartu dio PSE-EEri eta 8 batzarkide eskuratu ditu, sozialistek baino hiru gehiago. Bestalde, Ciudadanos eta Irabazi alderdiek ordezkari bana izango dute Arabako Batzar Nagusietan.

Gasteizen, Alderdi Popularrak irabazi ditu hauteskundeak botoen % 29,78 eta 9 zinegotzi eskuratuta, Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera.

EH Bilduk aurrea hartu dio EAJri eta sei zinegotzi (% 19,58) lortu ditu, EAJk baino bat gehiago (% 16,64); PSE-EE, ostera, laugarren postura jaitsi da (% 11,95) eta bi zinegotzi galdu ditu (4 zinegotzi).

Bestalde, Ahal Duguk babestu duen Sumando-Hemen Gaude plataforma eta Irabazi Gasteizko Udalean sartu dira, bi eta zinegotzi bat lortuta, hurrenez hurren.

Parte-hartzea, berriz, % 64,75ekoa izan da.

Arabako herri nagusietako emaitzak

Laudion, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena eta bost zinegotzi eskuratu ditu, 2011ko hauteskundeetan baino bat gutxiago. Koalizio abertzalearen atzetik, oso gertu, EAJ kokatu da, bost zinegotzi lortuta. Hirugarren tokia, berriz, Omnia plataforma independenteak erdietsi du, 4 zinegotzirekin.

Guardian, PPk duela lau urteko garaipena errepikatu du, baina zinegotzi bat galdu du (4 zinegotzi). Haren atzetik, EAJk eta EH Bilduk bina zinegotzi lortu dituzte, eta Ciudadanos udalean sartu da, ordezkari batekin.

Amurrion, EAJk lehen postuari eutsi dio (7 zinegotzi) eta EH Bilduk bi zinegotzi galdu ditu (5 zinegotzi). Ahora Amurrio plataformak bi ordezkari izango ditu Udalean, eta PSE-EEk, PPk eta Guk Baik, bana.

Agurainen, EAJk aurrea hartu dio Bilduri, eta sei zinegotzi lortu ditu, koalizio abertzaleak baino bat gehiago.

Oionen, PP nagusitu da, duela lau urte bezala, baina EAJri tarte txikia aterata. Bi alderdiek launa ordezkari izango dituzte, eta EH Bildu (2 zinegotzi) eta PSE-EE (zinegotzi bat) geratu dira horien atzetik.

Iruña Okan, PSE-EEk lehen postuari eutsi dio, 4 zinegotzi eskuratuta, EAJren (2), PPren (2), EH Bilduren (2) eta Irabaziren (1) aurretik.

Bastidan, EAJk lehen postua kendu dio PPri botoen % 39,34 lortuta (4 zinegotzi); popularrek hiru ordezkari izango dituzte, orain arte baino bi gutxiago. Bestalde, EH Bildu hirugarren indarra da, 2 zinegotzirekin (% 17,52).

NAFARROA

Hauteskunde-kanpainan iragarritako aldaketa benetan etor liteke Nafarroako Foru Erkidegora, udal hauteskundeetan lortutako emaitzak ikusita.

UPNk 15 eserleku lortu ditu Parlamentuan, orain lau urte baino lau gutxiago, eta Foru Erkidegoko alderdirik bozkatuena izan da (botoen % 98,8 zenbatuta).

Zehatz-mehatz, Javier Esparzak gidatzen duen alderdiak 88.271 boto jaso ditu (% 17,36); 2011n, 111.474 boto (% 34,48) lortu zituen.

Oposizioa, halere, anitzagoa da eta leku gehiago hartu du aurten Ganberan: Geroa Baik (9 ordezkari), EH Bilduk (8), PSNk (7), Ahal Duguk (7), I-Ek (2) eta PPNk (2).

Hortaz, UPNk lau eserleku galdu ditu, aurrekoekin alderatuta, PSNk 1, PPNk 2 eta I-Ek 1, behin betiko zenbaketaren zain egonda.

Bestalde, UPN izan da Iruñeko indar bozkatuena, botoen % 30,4 jaso eta 10 zinegotzi lortuta (botoen % 96 zenbatuta).

Halere, EH Bildu (5), Geroa Bai (5), Aranzadi (3) eta I-E (1) alderdiek indarrak batuz gero, Enrique Mayaren alderdiak baino ordezkari gehiago izango lituzkete, UPNk PSNren botoak (3) jasota ere.

Nafarroako herriak

Lizarra

Lizarran, UPN da boto gehien jaso dituen alderdia, botoen % 28,8 eta bost zinegotzi bereganatu baititu. Halere, EH Bilduk ere bost zinegotzi lortu ditu, baina botoen % 24,12 jasota.

Lizarra Orain hautagaitzak hiru ordezkari izango ditu, botoen % 17,5 jasota. PSN, ordea, bi zinegotzirekin geratuko da, botoen % 12,7 lortu ondoren. Geroa Baik ere bi ordezkari lortu ditu (botoen % 10,4).

Leitza

EH Bildu garaile izan da Leitzako Udalean, boto guztiak zenbatu ondoren, botoen % 78,08 eta 9 zinegotzi lortu baititu. UPN da bigarren alderdia bertan, botoen % 16, 49 eta bi zinegotzi lortuta.

Tutera

Tuteran, UPNk lortu ditu boto gehien (% 26,5), eta sei ordezkari izango ditu.

Izquierda-Ezkerrak botoen % 23,01 lortu ditu, baina horrek ere sei zinegotzi lortu ditu. PSN izan da hirugarren, botoen % 14,7 eta 3 ordezkari lortuta, eta Tutera Puedek ere hiru zinegotzi lortu ditu, botoen % 11,8 eskuratuta.

ESTATUA

Botoen % 99 zenbatuta, Ada Colau Barcelona en Comu (Podemos eta ICV) hautagaitzaren alkategaiak irabazi ditu Bartzelonako udal hauteskundeak; izan ere, 174.707 boto eta 11 zinegotzi eskuratu ditu.

Xavier Trias CiUren hautagai eta orain arteko alkateak baino ordezkari bat gehiago lortu du, CiUk 157.389 boto eta 10 zinegotzi eskuratu baititu; 2011ko bozetan baino lau gutxiago.

Madrilen, botoen % 93 zenbatuta, Esperanza Aguirre PPko hautagaiak eta Madrilgo Erkidegoko presidente ohiak irabazi ditu udal hauteskundeak, 21 zinegotzi lortuta; Manuela Carmena Ahora Madrid alderdiko alkategaiak baino zinegotzi bat gehiago.

PSOEk, Antonio Miguel Carmona hautagaiaren alderdiak, 9 zinegotzi eskuratu ditu, eta Ciudadanos lehenengo aldiz sartu da Udalean; 7 ordezkari izango ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea