Udal eta Foru Hauteskundeak -
Itunak
PP 'baztertzea Espainiarentzako txarra' dela esan dio Rajoyk Sanchezi
Sozialisten “kongruentziarik eza” kritikatu du Gobernuko presidenteak. Bestalde, politika ekonomikoa aldatuko ez duela adierazi du Rajoyk, “hanka-sartze izugarria” izango litzatekeelako.
Agentziak | Erredakzioa
PP “baztertzea Espainiarentzako oso txarra” dela ohartarazi dio gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko buruzagiari. Era berean, “herritarren babesa lortu ez duten ezker muturreko” alderdiei “boterea ematea” oso txarra dela azaldu du Rajoyk.
Abdelilah Benkiran Marokoko lehen ministroarekin batera prentsaurrekoa eman du Rajoyk, aldebiko goi-bilera egin eta gero. Exekutiboko presidentearen hitzetan, PSOEk “guztiekin, PPrekin eta Bildurekin izan ezik, itunetara heltzea”, agindu du, eta horrek Alderdi Popularra “baztertzeko irrika” agerian uzten du. “Demokraziaren aurkakoa” dela salatu du eta “oso kezkaturik” agertu da.
Gainera, sozialisten “kongruentziarik eza” kritikatu du Rajoyk; izan ere, Espainiako edozein tokitan PPrekin akordio bat ixteari uko egiten diote, baina ondoren Susana Diazen inbestidura ahalbidetzeko Alderdi Popularrari babesa eskatu diote Andaluzian.
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarekin biltzeko asmorik ez duela azpimarratu du Rajoyk. Espainian zein atzerrian hauteskunde osteko itunen “irakurketa” egingo dute eta horrek interes orokorrari “asko” eragingo dio, ohartarazi duenez.
“Sektarismoa”
“Bazterketa eta sektarismoa alde batera utzi beharko lituzke buruzagi politiko arduratsu batek”, erantsi du.
Gobernuko presidentearen ahotan, lauko edo bosteko koalizioak osatzea “demokraziaren guztiz kontrakoa” da. Gainera, koalizioetan “ezker muturreko” alderdiak izango dira eta “Europako proiektu handian lekurik ez duten gauzak esaten dituzte”, kritikatu du. PSOEk guzti horiekin bat egitea deitoratu du Rajoyk.
Politika ekonomikoa aldatzea baztertu du Rajoyk
Bestalde, politika ekonomikoa aldatuko ez duela adierazi du Gobernuko presidenteak, “hanka-sartze izugarria” izango litzatekeelako. Exekutiboan egin beharreko aldaketak ez ditu zehaztu, baina “funtzionatzen duena aldatzea komeni” ez dela esan du.
Politika ekonomikoa aldatzea “astakeria” izango litzatekeela goraipatu du Rajoyk. “Hanka-sartze izugarria” eta espainiarrentzako “oso negatiboa” izango litzatekeela gaineratu du. Zentzu horretan, azken urteetako esfortzu handiaren ondoren orain “atzera egitea zentzugabekeria” izango litzateke, adierazi du.
Azkenik, Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiarekin akordioei buruz hitz egin ez duela esan du Rajoyk, ez Madrilen “ezta inon ere ez”. Bi buruzagiek bilera egin zuten iragan asteartean.