09:45

Udal eta Foru Hauteskundeak

Nafarroa

Nafarroan aldaketa gauzatzeko akordio 'historikoa' sinatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Barkosen hitzetan, itunak "zerikusi handia du politika beste modu batera egitearekin". EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E alderdiek Nafarroa "ezberdin" bat eraikitzeko akordio "historikoa" dela esan dute.

1:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

"Azken bi hilabeteetan egindako lanaren emaitzaren poza" agertu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek Nafarroako Gobernuan aldaketa gauzatzeko lortu duten akordio programatikoaren sinadura ekitaldian. Uxue Barkos izango da Nafarroako presidente berria, eta lau alderdietako ordezkariek azpimarratu dute akordioak "balio historikoa" duela "aldaketarako oinarriak" finkatzen dituelako.

Lau alderdietako ordezkariak bat etorri dira akordioaren balorazioa egiterakoan eta datorren astetik aurrera programa martxan jartzeko itxaropena agertu dute. Astelehenean izendatuko du Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos Foru Gobernuko presidente eta datorren astean bertan hartuko dute kargua presidente eta bederatzi kontseilariek.

Uxue Barkos Nafarroako presidente izango denaren esanetan, itunak badu "zerikusi handia politika beste modu batera egitearekin". "Orduak eta orduak eman dituen akordioa" lortzeko lan gogorra egin dute "talde zabal eta konplexuak", agertu duenez. Barkosen hitzetan, "hau ez da bakoitzaren programaren zatitxo bat. Datozen lau lau urteetarako aldaketarako akordioa" baizik, erantsi du.

Barkosekin batera, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailea, Laura Perez Ahal Duguren buruzagiak eta Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramailea izan dira Nafarroako Parlamentuan egindako ekitaldian. Uztailaren 1ean itxi zuten lau indar politikoek 614 neurri dituen gobernu programa eta gizarte politikak eta enpleguaren sorrera bultzatuko ditu, bereziki.

Nafarroa "ezberdin" bat eraikitzeko akordio "historikoa", EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E alderdientzat

Adolfo Araiz koalizio abertzalearen aburuz, akordioak "etorkizunerako oinarri irmoak" ezartzen ditu. "Orain lanari ekin behar diogu, programa martxan jarri, badirelako hainbat beharrizan berehala erantzun beharrekoak".

EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu duenez, itunak "balio historikoa du, baina etorkizuneko balio hori ezin daiteke orain neurtu. Etorkizunean baloratu beharko dugu gaurko egunera arte egin dena eta gaurtik aurrera egingo dena".

Laura Perez Ahal Dugu Nafarroan duen idazkari nagusiak ere "oso pozik" hartu du akordioa. "Esfortzu eta lana handiaren emaitza da, lau indar politikoena ez ezik, oinarriena ere izan da lan hori, neurriak proposatu dituztelako", agertu du.

"Eskuzabaltasunaren eta adostasunaren emaitza da. Nafarroa ezberdin bat eraikitzeko oinarri nahikoak ditu eta gure kaleetan nagusi egin den grisa gainditzeko bidea ematen du", erantsi du.

Nafarroa Navarra gobernu berria akordioa. Uxue Barkos. Laura Perez. Adolfo Araiz. Jose Miguel Nuin. EFE

Perez, Barkos, Araiz eta Nuin, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Akordio programatiko honekin "oso eroso eta pozik" dago Izquierda-Ezkerra, Jose Miguel Nuin buruzagiak nabarmendu duenez. "Ez dugu inoren kontra egin, Nafarroako gizartearen alde baizik", erantsi du.

Ezkerreko alderdiko buruzagiak nabarmendu duenez, "orain arte txarto egin diren gauzak hobetzeko eta Nafarroa aldatzeko akordioa da honakoa. Ezberdintasun soziala lege izan duen Nafarroa  eta gatazka identitario absurdua gainditu nahi ditugu. Oso egun garrantzitsua da honakoa Nafarroako gizartearentzat. Aro berri bat zabalduko da", adierazi du.

Programa betetzeko aukerak

Lau alderdi ezberdinek babestutako gobernua kudeatzeko benetako aukerez galdetuta, baikor agertu da Barkos: "ematen du programa betetzeko bide zabala dugula"; dena dela, ekonomiaren bilakaera eta Ogasunean dauden diru-sarreren araberakoa izango dela azpimarratu du.

Gobernuak onartu asmo duen zerga erreformari buruz ere galdetu diote Nafarroako presidente izango denari. Azaldu duenez, Nafarroa ez da "irla fiskala izango, ez Estatuarekiko ezta Europarekiko eta inguruko erkidegoekiko ere".

Astelehenean egingo dute Uxue Barkos presidente aukeratzeko inbestidura saioa, eta honek asteazkenean hartuko du kargua.

Espainiako Gobernuaren kritika

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidentearen ustez "oso albiste txarra" da Nafarroako Gobernu berriaren Barne Kontseilaritza EH Bilduko kide baten esku uztea, "eskubideen eta askatasunen defentsan" curriculumik "txarrena" duelako.

Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Maria Jose Beaumont EH Bilduko kidea Justizia eta Barne Kontseilaritzako buru izatea ez du atsegin, baina "itun erradikalak" egiten direnean "horrelako albiste txarrak" gertatzen direla azpimarratu du.

Rafa Larreina Amaiurren Kongresuko bozeramaileak iragarri du presidenteordearen premiazko agerraldia eskatuko duela adierazpen horietan atzera egin dezan, eta gaineratu du "EH Bilduk giza eskubideekin duen konpromisoak eta curriculum demokratikoak aise gainditzen" duela "presidenteordearen Gobernuko kideena".

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena