17:54

Donostiako Aste Nagusia

Jaiak

Kanoi hotsekin hasi da Donostiako Aste Nagusia

T.S.J. | EITB.EUS

'Artillero' abestia Koruko Ama Birjinaren Eskolaren eta Easoko Abesbatzaren kideen eskutik etorri da, aurten 75. urteurrena ospatu baitute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Donostian jaiak eztanda egin du larunbat arratsalde honetan ohiko kanoikadari esker. Urtero lez, Aste Nagusiari hasiera eman diote kanoi hotsekin eta Artillero kantarekin. Ekitaldia 19:00etan egin dute, Alderdi Eder lorategietan.

Herri-ekitaldi horretan 400 bat herritarrek parte hartu dute, eta hitzordua, beti bezala, Udaleko terrazetan egin dute.

Gauzak horrela, 19:00etan kanoikadari ekin diote. Lehen, Koruko Ama Birjinaren Eskolaren eta Easoko Abesbatzaren abeslariek eta dantzariek Artillero abestu dute. Ohore hori haiei eman diete aurten, talde horiek 75. urtemuga bete baitute. Geroago, Luis Mocoroa Gastronomikako artillari nagusiak kanoia disparatu du.

Aurtengoan, arratsaldean Konstituzio Plazan egitekoak ziren txistularien alardea bertan behera geratu da eguraldia dela eta.

Aurtengo parte-hartzaileen artean, Eneko Goia Donostiako alkatea, Udaleko hainbat kide, eta Rosario Flores abeslaria, besteak beste, izan dira. Gonbidapen horren harira, Goiak harrera egin dio Floresi, eta Iñigo Aristegi tokiko artistaren grabatu bat oparitu dio.

Abeslariak adierazi duenez, "ohorea da Donostian izatea". Halaber, "herritarrak dantzan" jarriko dituela iragarri du, izan ere, kontzertua eskainiko du igande honetan Saguesen, 23:45ean.

Bestalde, Eneko Goia alkateak jaiaz gozatzeko deia egin du, "errepetutik abiatuta". Gainera, sexu-erasoen aurkako mezua helarazi du, "erabat soberan baitaude".

Kanoikadaren ostean, Kalakan eta Oreka TX taldeek emanaldia eskainiko dute Saguesen larunbat gau honetan.

Jai-giroa arratsaldean zehar

Aurretik, larunbat arratsaldean, 18:00etan, buruhandiak eta erraldoiak hiritik paseatu dira, 'Illunbe' Trintxerpeko musika-taldeak lagunduta. Halaber, Los Bebes de la Bulla, Taupada eta Gauerdi taldeak hiriko hainbat puntutik abiatu dira, eta Donostiako Udalaren aurrealdean elkartu dira.

Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiaren lehenengo ekitaldia izan da. Gaurtik hasita eta datorren zazpi egunetan, 400 bat ekitaldiz osatutako jai-egitaraua garatuko du Donostiao hiriak.

Aurtengo berritasunen artean, Ondarretako hondartza jaietarako gune gisa berreskuratu izana nabarmentzen da. Gainera, honako ekitaldi hauek ere aipagarriak dira: hurrengo egunean Bretxan egingo den lehiaketa gastronomikoa eta egun bereko gaueko lasterketa, 14an ikusi ahalko den emakumez osatutako bertso-saioa edota Gernikako Arbola pasealekuan bisitatu ahalko den bigarren eskuko zein sortzaile berrien azoka.

Iruzkinak