20:39

Donostiako Aste Nagusia

Donostian

Jaietan zezenketak berriro egitearen aurkako manifestazioa egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Protestaren parte-hartzaileek kritikatu dutenez, "animaliekiko errespetuaren gainetik, interes politikoak eta ekonomikoak nagusitu" dira.

1:57
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Milaka lagun elkartu dira Donostian zezenketen aurkako manifestazioarekin bat egiteko asmoz, Donostia Antitaurina Orain! plataformak deituta. Donostiako jaietan zezenketak berriro izateagatik euren desadostasuna erakutsi dute martxaren parte-hartzaileek, eta "animaliekiko errespetuaren gainetik, interes politikoak eta ekonomikoak nagusitu" direla salatu dute.

Manifestazioa 20:30ean Boulevardetik abiatu dute, 'Donostia Antitaurina Orain!' lelopean, eta 45 minutu geroago amaitu da Katalina Plazan. Hor agiria irakurri dute, eta "alderdi-intereserako eztabaida hori ez erabiltzeko" eskatu diete alderdi politikoei.

Hainbat manifestarik toreatzailearen jantziak eraman dituzte, eta hainbat oihu bota dituzte euskaraz eta gaztelaniaz: 'zezenak, mendira', eta 'toreatzaileak eta zezenketen aldekoak, hiltzaileak'.

Parte-hartzaileen artean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, Amaia Almirall EH Bilduko zinegotzia Donostiako Udalean eta Amaia Martin Irabazi alderdiko kidea, besteak beste, izan dira.

Nora Barragues zezenketen aurkako plataformaren bozeramaileak adierazi duenez, Donostia zezenketen aurkako hiri izendatzea eskatu nahi dute manifestazio horrekin. "Hirian zezenketak egiteari utzi ziotenean, horrek lasaitu gintuen, baina azkenean, interes ekonomikoak eta politikoak animaliekiko errespetuaren gainetik jarri dituzte", deitoratu du Barraguesek.

Chopera enpresak Illumbeko zezen-plaza alokatu du abuztuaren 13 eta 16 bitartean, Donostiako Aste Nagusiaren harira, bertan zezenketak egin ahal izateko (plazaren kudeaketa Donostiako Udalaren esku dago).

Aurreko udal gobernuak (EH Bildu) zezenketak debekatu zituen azken bi urteetan. EAJ eta PSE-EE gobernura iritsi direnean, berriz, debeku hori bertan behera utzi dute eta Choperak Illunbe alokatu ahal izan du.

Iruzkinak